Basoko argiak, Torrezurin

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 30a, 10:02

Mikel Izagirrek eta Xebas Larrañagak aurrenekoz elkarlanean ireki dute ‘Argia Basoan’ erakusketa, Azkoitian. Ostiraletik igandera bitartean zabalduko dute berriz aretoa.

Mikel Izagirre margolari donostiarraren eta Xebas Larrañaga eskultore azkoitiarraren Argia Basoan erakusketa jarri dute Torrezuri aretoan. Joan den astean ireki zituzten lehendabizikoz erakusketaren ateak, eta harrera ona izan du. Aurreneko astea igarota, datorren asteburuan ere ikusgai izango dira artelanak, ostiraletik igandera bitartean.

Aurrez, lanketa bat edo beste elkarrekin eginak dira artistak, eta horregatik, aurrerantzean ere halako proiektuetarako "oso ondo" konpon daitezkeela uste du Izagirrek. Torrezuriko erakusketan haren lanak dira nagusi. Xebas Larrañagaren lanak, berriz, "osagarriak" dira. "Aretoan, koadroak bakarrik baino eskulturekin batera jartzea aberagarriagoa da; modu honetara, aretoak beste gorputz bat du", dio Xebas Larrañagak.

Argia Basoan izeneko erakusketarekin "aurkikuntza bat" transmititu nahi izan du Izagirrek. "Landareekin lotu nituen margolanak, eta Argia Basoan lanarekin gailurra aurkitu dut", dio donostiarrak. Etxean nahiz landareen aurrean bertan egonda egin ditu margolanak hark, eta ikusleek Torrezurin "bertakotasuna" aurkituko dutela uste du. Zuhaitzak dira Izagirre margolariak erakusketan dituen lanak. Larrañagarenak, aldiz, era guztietakoak dira, estilo konkreturik ez du erakutsi nahi izan; brontze txikiarekin edo egurrarekin egindako lanak eta eskulturak ditu Torrezurin.

Laboaren bustoa ostiralean

Lanketa asko egin ditu Xebas Larrañaga eskultore azkoitiarrak, baina horien artean badu bat berezia. Mikel Laboa abeslariari omenaldi pertsonala egin nahi izan dio, eta urteak daramatza haren bustoa lantzen. Laboaren buztin lana Azkoitian izango da etzi. Halaber, Benito Lertxundi abeslariaren eta Manuel Lasarte bertsolariaren marrazkiak eramango ditu aretora. Herritarrak agurtzeko "gogotsu" dagoela azaldu du Larrañagak. "Azkoitiarra naizenez, niretzat beti da gustagarria lanak herrian erakustea; Azkoitian denez erakusketa, motibazioa handia da".

Etzi, zapatuan eta igandean irekiko ditu ateak Torrezurik. Etzi eta zapatuan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik. Igandean, berriz, 12:00etatik 14:00etara irekiko dute aretoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide