Herriko lau puntutan eta sarean eska daitezke Errigoraren saskiak

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 28a, 12:20

Gaur abiatu dute Nafarroako erriberako nekarazitza eta euskara bultzatzea xede duen udazkeneko kanpaina, eta herritarrek azaroaren 20ra bitartean eskatu ahal izango dituzte saskiak; aurten, hiru saskiren artean aukeratu ahal izango dute herritarrek: ohikoa, ekologikoa eta berezia.

Abian da Nafarroako erriberako nekazaritza eta euskara bultzatzea xede duen Errigoraren udazkeneko kanpaina, eta aurtengoan, gainera, aldaketekin dator egitasmoa. Izan ere, hiru saskiren artean aukeratu ahal izango dute herritarrek: beltza (ohikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia).

Gaurtik azaroaren 20ra bitartean eskatu ahal izango dira saskiak, herriko honako gune hauetan: AEKn, Oreka Bioelkartean, Lujan kioskoan eta Hizki papertedian. Ohi bezala, eskalerak on-line egiteko aukera izango dute interesa dutenek www.errigora.eus atarian, eta horiek zuzenean Internetez ordaintzeko aukera izango dute.

Saski beltzak 50 euroko prezioa du, eta honako jaki hauek osatzen dute: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba olio birjina estra, potxak, mahats zukua, zainzuri krema, teilak, malokotoia almibarrean, kardua, tomati frijitua eta piper txorizero mamia; 60 euroan eros daiteke berdea, eta modu ekologikoan ekoitzitako honako produktu hauez osatuta dago: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba olio birjina estra, potxak, mahats zukua, arroza, pasta, barazki menestra eta ozpina; saski zurian, berriz, zera eskuratu daiteke 70 eurotan: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa (kriantza), patxarana, extra brut, polboroiak, patxaran mantekatua, txokolatezko arrokak eta pikillo piper marmelada.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide