Espetxe politikarekin amaitzea exijitu dute beste behin dozenaka herritarrek

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 26a, 10:14

Presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, eta dozenaka lagun elkartu ziren plazan.

Atzo, hileko azken ostiralero bezala, elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek Azkoitiko plazan, preso eta iheslarien eskubideen alde. Han bildutako herritarrek gogoratu zuten zortzi urte bete direla Aieteko adierazpena egin zienetik, baina orduan ezarritako bide-orria gauzatzeko Espainiako Gobernuak duen "inmobilismoa" salatu zuten. Egungo espetxe politika amaitzea "lehentasuna" dela gogoratu zuten plazan elkartutakoek.

Hona hemen atzoko elkarretaratzean irakurritako testua, osorik:

"Aurreko astean Aieteko adierazpena egin zenetik zortzi urte igaro ziren, bake iraunkorra eta justurako bide-orria izateko eginikoa, baina Espainiako Gobernuaren aldetik hori posible egiteko oztopoak eta borondate falta besterik ez da aurkitu. Euskal Herriaren agertoki berrirako bidean mugarri izan den data izan zen hura, beste batzuen artean. Horietan guztietan, Espainiako Gobernuak inmobilismoa adierazi du euskal gizartearen borondate eta konpromisoaren aurrean. Gobernuaren borondate falta espetxe politikan islatzen da era gordinenean.

Pedro Sanchezek iragarritako aldaketak ez dira gauzatu, eta hasitako pausu txikiak bertan behera geratu dira. Urrunketa mantentzean eta euskal preso politikoen senide eta lagunei ezarritako kondena luzatzean, Sanchezen gobernuak sostengaezina den egoera batera eraman gaitu. Senide eta lagunentzat dispertsioaren zama urteekin batera handiagoa egiten da, eta horrek sortzen dituen ondorioen mina ere handiagoa da. Sanchez ez da gai izan senideen sufrimenduarekin amaitzeko exijitzen duten alderdi politikoen eta sektore ezberdinen presioari aurre egiteko, baina bai euskal gizartearen borondatea eta sufrimendu guztiei amaiera jartzeko nahia alde batera uzteko.

Frantziako estatuaren aurrerapenak espetxe politikaren inguruan euskal presoak Lannemezan eta Mont de Marsan espetxeetara gerturatzera mugatzen direla aipatu beharra dago. Euskal preso politikoak dispertsatuak eta urrunduak jarraitzen dute. 30 urte espetxean daramaten Lorentxa Beiry eta Xistor Haranbururen askatasun eskaeraren bazterketa eta gaixotasun larria duen Ibon Fernandez Iradi espetxean mantentzea eta gainditzea ezinbestekoa den egoera batera eramaten gaituzte.

Hemendik gutxira hauteskundeetan aterako den gobernu berria edozein izango delarik, gure lana eta lehentasuna gaur egungo espetxe politikarekin amaitzea izango da. Senideen egoerak exijitzen du, euskal preso politikoen egoerak exijitzen du eta euskal gizartearen etorkizunak exijitzen du. Ezin dugu onartu sufrimendua luzaraztea, ezin dugu onartu urrunketak milaka pertsonen osasuna jokoan jartzea, ezin dugu onartu umeen haurtzaroa hipotekatzea eta ezin dugu onartu adineko pertsonen egoerari oztopo gehiago jartzea. Ezin dugu onartu euskal presoen egoerak duela 10, 20 eta 30 urte bezala jarraitzea, haien gaixotasun larriekin jolasten jarraitzea, salbuespen neurriekin jarraitzea. Zuzenbide estatu batean, egoera hauek guztiak onargaitzak eta jasangaitzak dia, eta konponbidearen eta bakearen bidean jarraitzea ezinbestekoa da.

Dispertsioaren biktimen aitortza eta memoria lortzeko lanean ere jarraituko dugu, espetxe politika honek sortzen duen sufrimenduak hamasei hildako eragin dituelako eta haien senide edo lagun presoak bisitatu ahal izateko errepidean bizia galdu duten pertsonek aitortza merezi dutelako: salbuespen espetxe politika baten biktimak dira, dispertsioaren biktimak.

Euskal gizartearekin eta gehiengo politiko eta sindikalarekin norabide berean lan eginez gero, espetxe politikaren desaktibazioa lortu dezakegu. Giza eskubideekiko, bakearekiko eta konponbidearekiko dugun konpromisoa berritzen dugu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide