Aizkolaria

Julen Alberdi 'Txikia IV'.a: "Finalean, lehenengo hiru postuetan sailkatzea nahiko nuke"

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 25a, 17:00

Igandean jokatuko dute Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa Gasteizko Iradier Arenan, eta lehenengo aldiz, Julen Alberdi 'Txikia IV.'a lehiatuko da maila goreneko finalean. Azkoitiarrak aurrez aurre izango ditu Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo, eta honako lan hauek osatu beharko dituzte aizkolariek: 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako launa enbor moztu. Txapelketaren kanporaketa jardunaldian, hirugarren sailkatu zen azkoitiarra, Vicenteren eta Larrañagaren atzetik. Oraingoan ere, txapela lortzeko lehia bi horien artean egongo dela uste du Alberdik, baina ez du zalantzarik: "Aukerak ditudala ikusiz gero, aprobetxatzen saiatuko naiz".

Finalaren atarian, nola ikusten duzu zure burua?

Fisikoki, finalera ondo prestatuta iritsi naizela esango nuke, eta zentzu horretan, gogoz eta gustura nago iganderako. Ez dut aitzakiarik.

Errespetu berezirik eragiten al dizu Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketaren finalean lehenengoz parte hartzeak?

Pixka bat bai. Gipuzkoako txapelketaren finalean egin genuena baino zerbait luzeagoa izango da igandekoa. Halere, txapelketek beti sortzen dute aparteko tentsioa, eta horrek halako ziurgabetasun bat eragiten dit. Gainontzean, ordea, positibo aurreikusten dut finala.

Azken hilabeteetan hainbat txapelketa irabazi duzu, tartean Gipuzkoako I. Mailako Aizkolari Txapelketa. Garaipen horrek Euskal Herriko finalerako argi izpi bat sortu al dizu?

Euskal Herriko txapelketaren finalerako baino, kanporaketarako eragin handiagoa izan zuen Gipuzkoakoa irabazi izanak. Gipuzkoako txapelketa irabazi eta gero, nire asmoa zen Euskal Herrikoan lan on bat egitea eta finalera sailkatzea. Finalean sailkatu naiz dagoeneko, eta igandean egin beharko dugun lana kanporaketan egin genuenaren bikoitza izango da. Gainera, kanporaketa jokatu genuenetik ez ditugu egun asko eduki entrenatzeko, eta beraz, gozatzea eta ahalik eta posturik onena lortzea izango da asmoa, hasiera batean behintzat.

Finalean hamabi enbor moztu beharko dituzue jarraian; lau 54 ontzakoak, lau 60 ontzakoak eta lau 72 ontzakoak. Zure buruari jarri al diozu helbururik?

Helburua da ahalik eta posturik onena lortzea eta azken postuan, behintzat, ez geratzea; izan ere, finaleko lehen bost sailkatuak Donostiako Urrezko Kopan lehiatuko dira datorren urtean, eta han jokatzea nahiko nuke nik ere. Ahal izanez gero, gainera, lehenengo hiru postuetan sailkatzea nahiko nuke.

Urriaren 8an jokatu zenuten Euskal Herriko txapelketaren kanporaketan Iker Vicente geratu zen lehen postuan, Mikel Larrañaga bigarren eta zu hirugarren. Finalean ere, hiruron artean egongo al da lehiarik biziena?

Txapelaren lehiatik kanpo geratuko naizela uste dut, Iker eta Mikel beste guztiok baino koska bat gorago daudela iruditzen baitzait. Horiez gain, beste lau aizkolarion artean alde handirik ez dagoela iruditzen zait, eta beraz, igandean hirugarren eta laugarren postuetarako borrokatuko dudalakoan nago. Baina gorago iristeko aukerak ditudala ikusiz gero, aprobetxatzen saiatuko naiz. Iñaki Azurmendik oso lan ona egin zuen kanporaketan, eta haren aurka ere lan gogorra egin beharko dut.

Etzira begira, nola ari zara prestatzen?

Lanik handiena kanporaketarako egin nuen. Horren ostean pare bat entrenamendu gogor egin ditut, baina gainontzean, atseden hartzen egon naiz, finalerako indarrak hartzeko eta hara osorik iristeko.

Hilabeteotan txapelketa batzuk irabazi dituzu, eta aurreneko postuetan ere geratu zara beste hainbatetan. Azken denboraldian koska bat gora egin duzula uste al duzu?

Bai, eta zentzu horretan oso gustura nago egindako denboraldiarekin. Emaitza onak izan ditut binaka nahiz banaka, eta urduritasunen ondorioz hasieran falta zitzaidan konfiantza irabazi dut lortutakoari esker. Era berean, neure buruarengan konfiantza izateak emaitza onak lortzerakoan ere are gehiago lagundu dit.

Binaka baino, banaka hobeto moldatzen al zara?

Bietan antzera ibiltzen naiz. Binaka aritzea ere gustuko dut, baina egia da banakakoan ikusten dela bakoitza noraino ailegatzen den, ondoan inor ez baituzu laguntzeko eta lana bakarrik atera behar izaten baituzu aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide