Zahartzaroari buruzko hitzaldiarekin hasiko da Gazte Geroaren zikloa

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 24a, 10:12
'Zahartzaroaz solasean' hitzaldia eskainiko dute Matia Fundazioko kideek.

Hiru hitzaldi izango dira datozen hilabeteetan Elkargunean, Gazte Geroak antolatuta. Gaur, osteguna, izango da lehenengo hitzaldia; 'Zahartzaroaz solasean' saioa eskainiko dute Matia Fundazioko kideek.

Hiru solasaldi antolatu ditu Azkoitiko Gazte Geroa taldeak datozen hilabeteetarako. Lehenengo hitzaldia gaur izango da, Elkargunean, 18:30ean hasita, eta Matia Fundazioko Mari Karmen Garmendia presidenteak, Gerardo Amunarriz zuendariak eta Maider Azurmendi kooperazio arduradunak emango dute.

Zahartzaroaz solasean izenburupean, Matia Fundazioko kideek zahartzaroaren erronkak izango dituzte hizpide solasaldian. Maider Azurmendik gai hori “modu zabalean” landuko dutela adierazi du: “Gizartean hainbat estereotipo dugu zahartzaroaren inguruan, menpekotasunarekin edo pentsiodunekin lotzen dugu garai hori” azaldu du Azurmendik. Hain zuzen ere, hitzaldian estereotipo horiek “hausten” saiatuko direla nabarmendu du. Hark dioenez, zahartzaroko garaia geroz eta “zabalagoa” izan ohi da, eta ezgaitasunik ez duten adinekoen kopurua ere handiagoa da. Azurmendik gaineratu duenez, pertsona horiek konpromiso handia dute gizartearekiko, eta horretaz arituko dira hitzaldian, besteak beste. Horrez gain, zahartzaroan adinekoek bizi duten bakardadea nahiz haiek dituzten gaixotasunak ere izango dituzte hizpide hitzaldian.

Mari Karmen Garmendia Matia Fundazioko presidenteak bere ibilbide profesionalaren osteko bizipen pertsonalak kontatuko ditu, eta gaur egun fundazioaren barruan duen jardueraz mintzatuko da. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Matia Fundazioarekin batera sustatutako Euskadi Lagunkoia programa ere aipatuko du; egitasmo horren helburua adinekoek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriak hobetzen parte hartu dezaten bultzatzea da, zahartu ahala, nork bere bizimodua izaten jarrai dezan. Bestalde, Maider Azurmendi Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etxean Bizi programaz arituko da hizketan, eta egitasmo horretan bizitako esperientziak eta hortik ateratako ondorioez arituko da. Matia Fundazioko zuzendari Gerardo Amunarrizek, aldiz, gizartze zerbitzuen sistema eta osasun sistema nahiz horien inguruko politikak izango ditu hizpide, besteak beste.

Gainontzeko bi hitzaldiak azaroaren 14an eta abenduaren 12an izango dira. Alde batetik, Anjel Lertxundi Orioko idazleak 'Euskaraz idazten duen idazle baten bizipenak' hitzaldia eskainiko du azaroan. Abenduko hitzaldia, berriz, Mikel Landa txirrindulariak eskainiko du, Kirola eta herriaren inguruko gogoetak izenburupean. Bi solasaldiak Elkargunean izango dira, 18:30ean hasita.

Hona hemen Gazte Geroak antolatutako hitzaldien egitaraua:

  • Gaur, osteguna. Zahartzaroaz solasean hitzaldia, Mari Karmen Garmendia, Maider Azurmendi eta Gerardo Amunarriz Matia fundazioko kideen eskutik, 18:30ean, Elkargunean.
  • Azaroak 14, osteguna. Euskaraz idazten duen idazle baten bizipenak hitzaldia, Anjel Lertxundi idazlearen eskutik, Elkargunean.
  • Abenduak 12, osteguna. Kirola eta herriaren inguruko gogoetak hitzaldia, Mikel Landa txirrindulariaren eskutik, Elkargunean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide