Mugikorrarekiko menpekotasuna aztertuko dute aurtengo Guraso Eskolan

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 23a, 09:54
Iaz egindako Guraso Eskola bateko saioa.

Mugikorrarekiko menpekotasuna eta horien erabilera desgeokia izango dituzte aztergai aurtengo Guraso Eskolan. Datorren astelehenean hasiko dituzte saioak, eta zortzi egingo dituzte abenduaren 16ra bitartean. Saio horietan parte hartzeko, nahitaezkoa da aurrez izena ematea.

Udalak Guraso Eskolak antolatu ditu beste urte batez, eta aurtengoan, mugikorrekiko, sare sozialekiko eta bideo jokoekiko menpekotasuna jorratuko dute gurasoek saioetan. Urriaren 28an hasiko dira Guraso Eskolak, eta guztira, zortzi saio egingo dituzte. Abenduaren 16ra bitartean, astelehenetan bilduko dira Elkargunean, 15:15etik 16:45era bitartean.

Gailuek eta Internetek sor dezaketen menpekotasunean eta horien erabilera desegokian jarriko dute arreta Guraso Eskoletan, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte bileretan, hala nola pribatutasuna eta segurtasuna, gehiegizko erabileraren ondorioak, erregulazio emozionala, indarkeria matxistan duten eragina, pornografia eta Internetez egiten diren apustuak. Gurasoek gai horien guztien inguruan izan ditzaketen kezkak eta hausnarketak plazaratzeko aukera izango dute bileretan.

Guraso Eskolen bidez ez ezik, beste hainbat modutara ere ari da Udala gaia lantzen. Izan ere, sare sozialak eta Interneta egoki erabiltzeko joan zen astetik formazio saioak eskaintzen ari da gurasoentzat zein nerabeentzat —ostiralean izango da bigarren saioa, gaztetxoei zuzenduta—. Udalaren esanetan,  "gori-gorian dagoen kezka" da Guraso Eskoletan ere jorratuko dutena: "Argi dago Interneta tresna boteretsua dela, baina erabiltzen jakin behar da eta horretarako hezkuntza giltzarri da. Guraso Eskolarekin nahi dena da gurasoei orientabideak ematea, nola jokatu jakiteko", esan du Udaleko Gizarte Zerbitzuen zinegotzi Janire Igoak.

Guraso Eskoletan parte hartu nahi duenak hilaren 28ra bitartean eman dezake izena, Udaleko Gizarte Zerbitzuetara joanda. Informazio gehiago nahi duenak 943-85 71 74 telefonora deitu dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide