Anaitasunako neskek ezin etxean; mutilak bikain beste behin

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 23a, 09:27

Asteburu gazi gozoa izan du Anaitasunak. Neskek ezin izan zioten jarraipenik eman zapatuan duela bi asteburu Gasteizen lortutako garaipenari. Mutilek, bestalde, bikain jarraitzen dute, sailkapenaren puntan.

Zapatuan hasi zuen asteburua Anaitasunak, eta igandean amaitu. Euskal Ligako neskek ezin izan duten garaipenik lortu Txerloian Goierri Gorri taldearen aurka. Ainhoa Galarragak taldea markagailuan aurretik jarri bazuen ere, Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldeak ezin izan zion eutsi abantailari. Jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren bigarren zatian, eta Goierri Gorri taldeak irauli egin zuen neurketa bi gol eginda; azken emaitza bat eta bikoa izan zen goierritarren alde. Sailkapeneko beheko postuetan jarraitzen dute Anaitasunako neskek.

Irakurri nesken kronika osorik.

Guztiz bestelako egoeran dira Ohorezko Mailako mutilak. Denboraldia sasoi onean hasi dute Xabier Artetxeren mutilek eta egoera berretsi zuten joan den igandean Andoaingo Euskalduna taldearen aurka huts eta hiru irabazita. Julen Aramendi, Mikel Arzalluz eta Julen Iriarte izan ziren taldeko golegileak. Anaitasunako mutilak bigarrenak dira sailkapenean, hamabost punturekin.

Irakurri mutilen kronika osorik. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide