Pintxo solidarioak eta bigarren eskuko denda izango dira zapatuan, Beningo kaleko umeei laguntzeko

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 22a, 12:01

Floreaga ikastetxeak eta Gazteak eta Garapena fundazioak antolatu dute elkartasun ekimena beste urte batez; pintxo solidarioak banatuko dituzte Kontzejupean, eta bigarren eskuko denda ere irekiko dute han. Plazan, berriz, umeentzako jolasak izango dira. Antolatzaileek herritarrei dei egin die modu batera edo bestera ekarpenak egin ditzaten.

Floreaga ikastetxeak eta Gazteak eta Garapena fundazioak elkartasun ekimena prestatu dute beste urte batez datorren larunbaterako, hilaren 26rako. Goizean zehar pintxo solidarioak banatuko dituzte Kontzejupean, eta bigarren eskuko denda ere jarriko dute han. Horrez gain, Alai Batza taldeak umeentzako jolasak prestatuko ditu herriko plazan. Ohi bezala, egitasmotik lortutako dirua salestar komunitateak Beningo Cotonou hirian duen proiektura bideratuko dute.

Askotariko jakiak salduko dituzte Kontzejupean jarriko duten postuan, eta herritarrek hainbat modutara egin ditzakete ekarpenak; Kontzejupera joan eta pintxoak erosita edo etxean prestatutako jakiak hara eramanda, hala nola pintxoak, tortillak eta bizkotxoak. 09:30etik 10:30era bitartean jasoko dituzte etxean, saltokietan eta tabernetan prestatutako jakiak. Era berean, bigarren eskuko denda osatzeko ere herritarrek lagundu ahal izango dute, eta interesa dutenek ostegunera bitartean utz ditzakete jostailuak, panpinak, liburuak, diskoak edota dvd-ak ikastetxean. Bestelako laguntza ere "ongi etorria" izango dela adierazi dute antolatzaileek.

Salestarrek Coconoun duten Mama Margarita aterpera bideratuko dituzte irabaziak, hiri horretako kaleetan bizi diren umeei laguntzeko asmoz. Seniderik ez duten eta egunez azoketan egoten diren umeak hartzen dituzte etxe horretan, haurren oinarrizko beharrak ase ditzaten eta horiek "leku seguruan” lo egin dezaten. Era berean, umeak kaletik atera eta lan mundura edo ikasketetara bideratzen dituzte proiektuaren bidez.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu ditu egitasmoan parte har dezaten, eta elkarteei, harakinei, okinei eta tabernariei ere beraien alea jar dezaten eskatu diete.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide