Altsasuko gazteen epaia salatzeko Iruñean egingo duten mobilizaziorako autobusa abiatuko da Azkoititik

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 22a, 09:28

Larunbatean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteei ezarritako epaia salatzeko. Hara autobusez joan nahi duenak Zakelan eta Zurten eman dezake izena.

Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteei ezarri dien epaia salatzeko elkarretaratzea egingo dute datorren larunbatean, hilaren 26an, Iruñean, eta hara joateko autubosak antolatu dituzte Azkoititik. 17:00etan, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean elkartuko dira espetxean dauden gazteen askatasuna aldarrikatzeko, eta hara autobusez joateko interesa dutenek aurrez izena eman dezakete, Zakela eta Zurt tabernetan.

Hilaren 9an jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen epaia, eta kartzelan dauden zazpi gazteek preso segitu beharko dute, nahiz eta auzitegi horrek espetxe zigor urteak jaitsi dizkien: zazpi laguni hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri dizkie Gorenak; bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten baina aske zegoen lagunari, berriz, zerbait murriztu dio zigorra auzitegiak. Gorenak sententzia jakinarazi eta biharamunean, elkarretaratzea egin zuten Azkoitian, Altsasukoak aske! lelopean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide