Julen Alberdik Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko du igandean

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 22a, 11:21
Julen Alberdi 'Txikia IV.a', eskuinean.

Julen Alberdi 'Txikia IV' aizkolari azkoitiarrak Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko du datorren igandean, urriak 27, Gasteizko Iradier Arenan. 12:00etan hasiko dute lehia. 

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako txapeldun berria datorren igandean, urriak 27, ezagutuko da. Sei aizkolari lehiatuko dira nor baino nor gehiago, eta horien artean izango da Julen Alberdi 'Txikia IV' aizkolari azkoitiarra. Gasteizko Iradier Arenan jokatuko dute finala, 12:00etan hasita. 

Mikel Larrañaga, Jon Rekondo, Iker Vicente, Iñaki Azurmendi eta Eneko Otaño izango ditu lehiakide Alberdik. Aizkolari bakoitzak 12 pago-enbor ebaki beharko ditu igandean; 54 ontzako lau enbor, 60 ontzako lau enbor eta 72 ontzako beste lau moztu beharko dituzte. Lanak amaitzen denbora gutxien behar duenak jantziko du 2019ko txapela.

Alberdik hilaren 5ean Gasteizen jokatutako finalerdietako saioan lortu zuen finalerako txartela. 11 aizkolari aritu ziren orduan lehian, eta lanak azkarren bukatu zituzten sei aizkolariak sailkatu ziren igandeko finalera. Lan txukuna egin zuen 'Txikia IV.a'-k; 20 minutu eta 8 segundo behar izan zituen 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebakitzeko. Denbora horrekin, hirugarren sailkatu zen; lehen sailkatuak, Iker Vicentek, ia bi minutu lehenago bukatu zituen lanak (18:11).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide