Lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketan lehiatuko da Eneritz Arrieta

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 21a, 14:56

Lehenengo Mailan jokatuko du azkoitarrak, beste bederatzi pilotarirekin batera. Abenduaren 15ean izango da finala, Barakaldon.

Inoizko parte hartze handienarekin hasi da lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketa, guztira 92 pilotari lehiatuko baitira abendura bitartean jokatuko dituzten partidetan. Pilotariek pilota mistoarekin eta goxoarekin neurtuko dituzte aurten indarrak, eta pilota goxoarekin jokatuko dituztenak honako maila hauetan lehiatuko dira: Lehenengo Mailan, Promozio mailan eta Hastapenekoan. Guztira, 10 pilotari lehiatuko dira Lehenengo Mailan, eta horietako bat izango da Eneritz Arrieta; 2017an promozio mailako txapela jantzi ostean, iaz lehenengo mailan lehiatu zen azkoitiarra, eta aurten ere maila horri eutsiko dio.

Kanporaketa faseko norgehiagokak amaitzean, azaroaren 24an jokatuko dituzte final laurdenak, Zamudion (Bizkaia), eta finalerdiak abenduaren 1ean izango dira Galdakaon (Bizkaia). Aurten, finalak ere Bizkaian jokatuko dituzte, Barakaldon, hain zuzen ere—iaz Azkoitian jokatu zituzten—; abenduaren 15ean izango da hori.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide