'Zahartzaroaz solasean' hitzaldiarekin hasiko dira Gazte Geroak antolatutako solasaldiak

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 21a, 12:13

Gazte Geroa taldeak hiru hitzaldi antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Lehenengo solasaldia ostegunean, hilak 24, izango da, 18:30ean, Elkargunean. Zahartzaroaz solasean lelopean Matia Fundazioko Mari Karmen Garmendiak eta Gerardo Amunarrizek eskainiko dute solasaldia, eta zahartzaroaren erronkez arituko dira hizketan.

Hiru solasaldi antolatu ditu Azkoitiko Gazte Geroa taldeak datozen hilabeteetarako. Lehenengo hitzaldia ostegunean, hilak 24, izango da, eta Matia Fundazioko Mari Karmen Garmendia presidentea eta Gerardo Amunarriz zuendaria izango dira hizlariak. Elkargunean izango da solasaldia, 18:30ean hasita, eta bertan, zahartzaroaren erronkak izango dituzte hizpide Matia Fundazioko kideek. Ekitaldia irekia izango da eta edonork izango du hara joateko aukera.

Ibilbide profesional oparoa duten pertsonak dira Garmendia eta Amunarriz; Garmendia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako idazkaria izan zen 1985ean, eta urte batzuk beranduago, Kultura sailburua izan zen. Amunarriz, berriz, hainbat enpresa pribatutan aritu da lanean Matia Fundazioko zuzendari izan aurretik.

Beste bi hitzaldiak azaroaren 14an eta abenduaren 12an izango dira. Andu Lertxundi idazleak Euskaraz idazten duen idazle baten bizipenak hitzaldia eskainiko du azaroan; bestetik, Mikel Landa txirrindulariak Kirola eta herriaren inguruko gogoetak hitzaldia emango du abenduan. Bi solasaldiak Elkargunean izango dira, 18:30ean hasita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide