Gipuzkoako Xake Txapelketaren lehen jardunaldian izan dira Anaitasuna Kakute taldeko lehiakideak

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 21a, 10:50

Zapatuan, hilak 19, Gipuzkoako Xake Txapelketaren lehen jardunaldia jokatu zen Azpeitian, eta Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldeko hainbat kide aritu zen bertan lehian.

Gipuzkoako Xake Federazioak antolatuta, martxan da beste urte batez Maila Goreneko eta Lehen Mailako Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketa. Zapatuan, hilak 19, jokatu ziren txapelketaren lehen partidak Azpeitian, eta bertan izan ziren Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldeko kideetako batzuk.

Hogei pertsonak parte hartuko dute guztira aurtengo txapelketan, eta Alejandro Franco xakelaria da lehiaketa irabazteko faborito nagusia. Txapelketak zazpi jardunaldi izango ditu, eta horietako bakoitza 90 minutukoa izango da. Aurtengo edizioan  parte hartzen ari den lehiakideetako bat Xabi Ruiz da, Anaitasuna Kakute taldeko kide berrietako bat. Lehen jardunaldian Jon Arana xakelariaren aurka galdu egin zuen, eta bigarren jardunaldian, Jon Esturo izango du aurkari.

Urriaren 26an, azaroaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean jokatuko dira gainontzeko partidak. Jardunaldi guztiak larunbatetan izango dira, toki eta ordu berean: Azpeitiko Baigera I eraikineko laugarren solairuan, 16:00etan hasita.

Bestalde, Eskualdeko Hirugarren mailan Imanol Larrañaga arituko da. Larrañagak ezin izan zion Faustino Mirallesi lehen jardunaldiko partida irabazi, eta datorren jardunaldian Jurgi Etxebeste xakelariaren aurka neurtuko ditu indarrak. Maila honetan bost jardunaldi jokatuko dituzte guztira.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide