Mendira joateko zailtasunak dituzten pertsonentzako, aulki berria eskura

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 19a, 10:18
Marea Urdinako eta Caixa Azkoitiako kideak, Aittolan egindako aurkezpenean.

Ezgaitasun fisikoren bat dutenak mendira joan ezinda gelditu ohi dira sarri, eta horri irtenbidea emateko, aulki bat erosi du Marea Urdinak, Caixa Azkoitiak emandako laguntzaren bidez. Bailarako edonork izango du aulkia erabiltzeko aukera.

Marea Urdinak mendira joateko zailtasunak dituzten pertsonentzako aulki berezi bat erosi du. Ezgaitasun fisikoren bat dutenak mendira joan ezinda gelditu ohi dira sarri, eta arazo horri irtenbidea eman nahi izan dio taldeak. Aulki horren bidez, bailarako edozein pertsona joan ahal izango da mendira aurrerantzean. Izan ere, aulki hori behar duen edonork ibiltzeko izango da. Marea Urdinak azaldu duenez, modu horretan, "herriak emandakoa herrira" itzuliko dute bueltan.

Marea Urdinaren helburua da edozein kolektibok antolatutako mendi irteerak inklusiboak izatea: besteak beste, guraso elkarteek, ikastetxeek, Lagun Onak mendi bazkunak nahiz edozein lagun taldek sustatutakoak. Atzo egin zuten aulkiaren aurkezpen ekitaldia Aittolan, eta bertan Marea Urdinako kide Gorka Aranbarrik gauza bat nabarmendu nahi izan zuen. "Aulki hau guk eskuratu badugu ere, denek jakitea nahi dugu hau ez dela gurea, bailara osoarena baizik. Edonork nahi duenean eska dezake, eta inolako arazorik gabe erabili ahal izango dute. Guretzat ederra litzateke astero martxan dagoela jakitea". 4.000 euroko balioa du aulkiak, eta osorik Caixa Azkoitiak finantziatu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide