Lanuzteak egin dituzte enpresetako langileek, Kataluniari elkartasuna adierazteko

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 18a, 17:53
Langile askok egin dute bat lanuzteekin.

Gaur, ostirala, lanuzteak egin dituzte Azkoitiko hainbat enpresetako langileek. LAB sindikatuak deituta, "Kataluniako herriaren alde" mobilizatu dira dozenaka langile, "Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa agerian uzten duen epaia salatzeko".

Azkoitiko enpresetako zenbait langilek Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko lanuzteak egin dituzte gaur, ostirala. Urola Kostako LAB sindikatuak deituta egin dituzte elkarretaratzeak enpresen atarian, "Kataluniako herriaren alde" eta "Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa agerian uzten duen epaia" salatzeko. Euskal Herrian izaera hori "ondo ezagutzen" dutela eta, Altsasuko gazteei ere adierazi diete elkartasuna. 

"Azken epai honekin, herrioi dagokigun autodeterminazio eskubidea delitu bihurtzen duen errelatoa gailendu da, independentismoaren kriminalizazioari eusteko Espainiako Estatuak ezinbesteko duen errelatoa", azaldu du LAB sindikatuak. Demokraziaren eta askatasunen kontrako eraso "oso larria" dela dio sindikatuak, "herriari hitza eman eta herriak hitz egin izana zigortzen" delako. Era berean salatu du Espainiako Gobernuak "makinaria errepresibo guztia martxan" izan duela Katalunian. "Eskubide indibidual eta kolektiboak urratu dituzte, eskubide zibil eta politikoak bahitu. Bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak egingarri zirela esaten zuten haiek, beren ekintzekin erakutsi dute ezetz, hori ez dela horrela, eta ez dela izango", nabarmendu dute LABetik. 

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiak "Estatuaren izaera antidemokratikoa oso agerian" utzi duela adierazi dute. "Euskal Herrian ongi baino hobeto ezagutzen dugu zertan datzan espiritu antidemokratiko hori. Herri honek behin eta berriz sufritu ditu bidegabekeriak, kartzela urteak eta urteak ditugu bizkar gainean; torturak pairatu ditugu, salbuespenezko espetxe politika zitalak bere horretan dirau oraindik, … Preso politikoak dituen herri bat ez da herri normalizatua, ezta demokratikoa ere" gehitu dute sindikatutik. 

Espainiako estatuak etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen herrientzat "eskaintza demokratikorik ez" duela salatu du sindikatuak. "Basakeria jurudiko eta politikoa" salatzeko eta elkartasuna adierazteko mobilizatu da gaur LAB sindikatua. Halaber, urrerantzean izango diren ekimenetan parte hartzeko dei egin dute. "Eman diezaiogun benetako babesa eta bultzada Kataluniako herriari, haien borroka hauspotuz, gureak ere bultzada berria izan dezan" azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide