60 eta 70eko hamarkadetako Azkoitiko trikitixaren egoera izan dute hizpede Trikigiroren hitzaldian

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 18a, 10:29
Elkargunean izan zen hitzaldia. (Argazkia: Trikigiro)

Atzo, osteguna, hitzaldia eskaini zuen Trikigiro elkarteak Elkargunean. 60 eta 70eko hamarkadetan Azkoitiko trikitiaren egoera zein zen azaldu zuten parte hartzaileen artean. Ibon Errazu azkoitiarrak eta Haritz Garmendia azpeitiarrak eman zuten hitzaldia.

Errautsak hauspotzen proiektuari esker hainbat dokumentu historiko berreskuratzea lortu du Trikigiro elkarteak eta 40 elkarrizketa inguru egin dituzte, tartean Iñaki Garmendia Lajak hil aurretik emandako azkena. Horrez gain, 160 trikitilari inguru identifikatu dituzte, eta galtzera bidean zihoazen 50 erromeriren informazioa ere bildu dute. Horri eta beste hamaika konturi buruz hitz egin zuten atzo, osteguna, Ibon Errazu eta Haritz Garmendia, Trikigiro elkarteko kideek. 1960 eta 1970eko hamarkadetan Azkoitian nolako trikiti giroa zegoen eman zuten jakitera; hala nola, trikitilariak zein ziren, erromeria guneak eta txapelketetan parte hartutako azkoitiarrak zein izan ziren azaldu zuten.

Errautsak hauspotzen proiektua

Proiektuak argia ikus dezan, ordea, herritarrek zein erakundeek diruz laguntzeko kanpaina abian dute joan zen hilaz geroztik Goteo crowdfunding plataforman. Garmendiaren esanetan, "bide onean" doa finantzazio kolektiboa, lehen fasean lortu beharreko 11.360 euroetatik 10.528 euro bildu baitituzte dagoeneko. Hamaika egun falta dira diru bilketaren lehen fasea amaitzeko.

Garmendia, ezkerrean; Errazu, eskuinean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide