'Katu' liburuari buruz hitz egin du Iñigo Dierezek Mintzalagunen aurkezpen ekitaldian

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 18a, 07:55
Iñigo Dierez hitzaldiko parte hartzaileekin solasean.

'Katu' bere lehen eleberriari buruz hitz egin zuen atzo, osteguna, Iñigo Dierez idazle azkoitiarrak. Abian den AEKren Mintzalagun programaren ikasturteko aurkezpen ekitaldia egin zuten, Elkargunean.

AEK-k Mintzalagun egitasmoaren ikasturteko aurkezpen ekitaldia egin zuen atzo, osteguna, Elkarguneko Zeharkako gelan. Iñigo Dierez idazle azkoitiarra gonbidatu zuten aurkezpen ekitaldira, eta Dierezek Katu bere lehen eleberriari buruz hitz egin zuen saioan. Xehetasun batzuen ondoren, hainbat galdera egin zizkioten idazle azkoitiarrari hitzaldian parte hartu zuten AEK-ko ikasleek, Mintzalaguneko kideek eta herritarrek.

Dierez parte hartzaileen galderak erantzuten. 

 

Programan parte hartzeko

Mintzalagunen parte hartu nahi dutenek urte osoan eman dezake izena, baina antolatzaileek ikasturtearen hasieran egitea gomendatu dute. Horretarako, 607 61 26 97 telefonora deitu, azkoitia@aek.eus helbidera idatzi edota AEKren egoitzara (Kultur Etxea, 4. solairua) jo dezakete.

Azkoitian 2010. urtetik da martxan AEKren mintzapraktikarako egitasmoa, eta egun, 40 lagunek parte hartzen dute han, 11 taldetan banatuta. Proiektuaren bidez, euskaldunak eta euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenak astean behin elkartzen dira euskaraz hitz egiteko. Laupabost laguneko taldeak osatzen dituzte horretarako, "konfiantzazko giroa" sortu eta "lasai" hitz egin dezaten kideek. Izan ere, Mintzalagunen helburua "euskaldun sarea zabaltzea" eta "euskaraz edonon egiteko" gaitasuna lortzea da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide