Kataluniako prozesuaren epaiaren aurrean, adierazpen bateratua onartu dute Udalean EAJk eta EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 18a, 09:17

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuari buruz emandako epaiaren aurrean, Azkoitiko Udaleko EAJ eta EH Bildu alderdiek adierazpena onartu dute. Sei puntu nabarmendu dituzte bi alderdiek. "Herriari hitza ematea delitua ez" dela diote bi alderdiek, eta "Kataluniak eta Euskal Herriak etorkizuna erabakitzeko eskubidea" dutela. Herritarrei dei egin die bat egin dezaten "herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde".

EAJ eta EH Bildu udal taldeek babestu dute adierazpena. Azkoitia Bai Herri Plataformak Katalunian sortutako herri ekimena "txalotu" egin du eta orain arteko mozioetan azaldutako "lanerako prestutasun bera" azaldu dute. Azkoitiko PSE-EEk, berriz, ez du onartu adierazpena.

Hona hemen adierazpena:

 

  1. Azkoitiko Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa, gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

 

  1. Azkoitiko Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

 

  1. Azkoitiko Udalak nabarmentzen du Kataluniako 'Proces'-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

 

  1. Azkoitiko Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. Artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

 

  1. Azkoitiko Udalak Estatuko botereei eskatzen die espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzatela eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzatela.

 

  1. Azkoitiko Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide