Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea eta Munategiko biribilgunea datorren urtean egingo dituzte

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 17a, 17:00
Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea.

Aizpurutxoko errepidearen lehen hobekuntza fasea eta Munategiko biribilgunea datorren urtean egingo dituzte. Horrela jakinarazi du Azkoitiko Udalak gaur, osteguna, Mikel Uribetxeberria Bide Azpiegituren Kudeaketa eta Plangintza zuzendari nagusiarekin udaletxean bildu ostean.

Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidearen hobekuntzen lehen fasea —Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea— eta Munategiko biribilgunearen obrak 2020an lizitatu eta exekutatuko dira; bi lanak datorren urtean amaituko dituzte. Horixe jakinarazi dio Bide Azpiegituren Kudeaketa eta Plangintza zuzendari nagusia den Mikel Uribetxeberriak Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateari gaur, osteguna, udaletxean izan duten bileran. Aurten izapideak burutu dituzte exekuzio obraren hasiera ahalbidetzeko. 

Uribetxeberria Foru zuzendariak azaldu duenez, 2020an gauzatuko dituzte GI-631 errepidearen hobekuntzen bigarren faseari dagozkion lanen tramiteak, eta 2021ean aterako dira Aldundian obrak lizitaziora. Lan horretan egingo dituzte Aizpurutxo eta Urretxu arteko errepidearen hobekuntza lanen aurreko izapideak.

Aintzane Oiarbide diputatuak Batzar Nagusietan aurreratu zuen, "GI-631 errepidearen hobekuntza legealdiko jarduketa nagusien barruan" dagoela. Azkoitiko Udalarentzat "eskaera historikoa" da, besteak beste, "Azpeitiko eta Azkoitiko bizilagunak Zumarragako ospitalearekin lotzen dituelako". Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, bestalde, azpimarratu du, Udalak "urteak" daramatzala errepidearen hobekuntza aldarrikatzen. "Oraindik egin den lan guztia ikusten ez den arren, aurrerapen handiak eman dira", nabarmendu du. "Ez gara sekula orain gauden puntura iritsi eta honek bide onetik jarraituko du, Foru Aldundiak konpromiso irmoa duelako”, azaldu du alkateak. Batezbeste eguneko 3.000 ibilgailu igarotzen dira errepidetik.

Uribetxeberriak eta Zubizarretak udaletxean egin dute bilera. 

Aizpurutxoko lehen faseko lanak

Errepidearen hobetze lanen lehen fasea Aizpurutxon zentratuko da. Erdikobenta eta Ibaiondo artean oinezkoentzat bidea eraikiko dute, errepidearen ondoan. Aldi berean, oinezkoen bidea ibaiaren beste aldera igaroko da, eta horretarako zubi bat eraikiko dute. Lanen helburua da oinezkoen segurtasuna bermatzea. Jarduketaren aurrekontua 341.000 eurokoa da (BEZ barne) eta lau hilabeteko exekuzio epea du.

Hasiera batean, Aizpurutxoko jarduketa ez zen errepidearen hobekuntza lanen baitan sartzen. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, "Udalak Aldundiari soluzio bat eskatu zion ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa bereizteko". Aizpurutxoko lanak egitearekin batera, Aldundiak aurreikusita du bigarren faseko lanen desjabetzeen tramitazioa egitea. Tarte horretan aurreratze erraia eraikiko dute bi gunetan. Errepidearen hobekuntza lanek 45,5 milioi euroko aurrekontua dute.

Munategin biribilgunea

Azkoitia eta Azpeitia artean kokatuta dagoen Basarteko bidegurutzean, berriz, biribilgunea eraikiko dute. 42 metroko diametroa izango du biribilguneak, hiru adarrekin —Basarte poligonoa, Azkoitia eta Azpeitia—; bi autobus geraleku eta oinezkoen nahiz txirrindularien pasabidea ere egingo dituzte. Munategiko lanak ere 2020an egingo ditzte, eta lanen aurrekontua 450.000 eurokoa da. Egindako aurreikuspenen arabera, lau hilabeteko epean gauzatuko dute proiektua.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide