Doako autobusa jarri dute Hanburgoko NDR Orkestra Filarmonikoaren Kursaaleko kontzertura joateko

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 17a, 15:18
Hanburgoko NDR Orkestra Filarmonikoa. (NDR)

Azaroaren 12an, asteartea, izango da kontzertua, 20:00etan. Autobusa, berriz, 18:30ean irtengo da Eroski txikiaren aurreko geltokitik. Kontzerturako sarrerak Kursaalen webgunean erosten dituztenek egin ahalko dute autobuserako erreserba, udalera deituta edo mezua bidalita, azaroaren 7a bitartean. Langabetuek eta 30 urtetik beherakoek sarrerak zein autobuserako tokia Azkoitiko Udalean erreserbatu beharko dituzte.

Hanburgoko NDR Orkestra Filarmonikoak datorren hilean Kursaalen emango duen kontzertura Azkoititik Donostiara joan nahi dutenek doako autobus zerbitzuan egin ahalko dute Kursaal Eskura egitasmoaren barruan antolatu dute autobusa.

Azaroaren 12an izango da Alemaniako orkestraren emanaldia, 20:00etan hasita, eta Azkoititik 18:30ean irtengo da autobusa, Eroski txikiaren aurreko geltokitik. Kursaal Eskuraren barruko kontzertuetarako prozedura jarraituz, kursaal.eus webgunean kontzerturako sarrerak erosi beharko dituzte lehenbizi, gero autobus zerbitzua erabili nahi dutenek; 55 euro balio du Hanburgoko orkestraren kontzerturako salgai jarri dituzten sarrera garestienak, eta 11 eurotan eros daiteke merkeena, aipatutako webgunean. Sarrerak erosita, autobusean joan-etorria egin asmo dutenek erreserba egin behar dute, udaleko 943-85 71 70 telefonora deituta edo kultu@azkoitia.eus e-postara idatzita. Langabetuek eta 30 urtetik beherakoek, berriz, autobuserako erreserbarekin batera egin dezakete sarreraren erreserba ere, 3 euroren truke.

Azaroaren 7an bukatuko da autobuserako erreserbak egiteko epea. Gutxienez hamabost pertsonako talde bat ez bada osatzen, eskaintza bertan behera utziko dutela aurreratu du Azkoitiko Udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide