Aitor Goenaga: "Nire ametsa mundu honetatik bizitzea da, eta hori, lan honetan ez da erraza"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 12a, 09:24

Mundu zaila dela onartu arren, 'La casa de papel' eta 'Las chicas del cable' telesail arrakastatsuen, mugikor enpresa handien publizitate iragarkien edota David Bisbal abeslariaren bideokliparen grabaketetan parte hartu du Aitor Goenagak (Azkoitia, 1987). Duela hiru urte Madrilera joan zen ikastera, eta orain bertan bizi da. Hala ere, herriarekin duen lotura ez du galdu nahi, eta Azkoitira egin duen azken bisita aprobetxatu du Maxixatzenek harekin hitz egiteko. Urriko zenbakian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Txikitatik al datorkizu ikus-entzunezkoetarako zaletasuna?

Ez nuke esango txikitatik dudan zaletasuna denik, baina bai beti atentzioa pizten zidala aitak zuen argazki kamera zahar batek. Karretedun horietakoa zen, eta zerbait berezia sortzen zidan. Hala ere, bideogintzako lehen urratsak DBH garaian eman nituen. Gaztetako buru arinak eraginda edo, zaletasuna ahaztu zitzaidan. Bestelako lanean hasi nintzen gero, eta urte batzuetara berriro gustukoa nuen zaletasun hura berreskuratzeko grina sartu zitzaidan. Ikastaro desberdinak egiten hasi nintzen, eta duela hiru urte Madrilera joan nintzen argazki-zuzendari ikastaroa egitera.

Madrilen ikastea erabakia, lanerako aukera gehiago izango zenuela pentsatuta hartu al zenuen?

Bartzelonara joateko asmoa nuen, baina ikastaro antzekoa urtebete gutxiagoan amaitzeko aukera nuen Madrilen. Horrez gain, han lanerako aukera gehiago dago gaur egun. Izan ere, lehen Bartzelonan pilatzen zen publizitate arloko lan ia dena, baina orain, Kataluniako aferaren ondorioz, Madrilera mugitu da. Espainiako hiriburuan lan asko dago gaur egun, arlo guztietakoak. Gainera, mundu honek kontaktu bidez funtzionatzen du, eta askoz errazagoa da kontaktuak Madrilen lortzea. Euskal Herrian asko gara lan honetan, baina lan gutxi dago.

Ikus-entzunezkoen arlo guztiak ukitu dituzu: argazkia, telebista, publizitatea, pelikulak… Non sentitzen zara erosoen?

Fikzioan sentitzen naiz gustuena. Lana egiteko moduagatik batik bat. Izan ere, dena askoz pausatuagoa da, ezer ez dago nahi gabe eginda, dena aurrez ondo pentsatuta egoten da, sormena asko lantzen da…

Ba al duzu proiektu berezirik esku artean?

Proiektu interesgarriak iritsi zaizkit, Xanti Rodriguez azpeitiarrarekin adibidez. Argazkilaritzatik fikzioaren, zinemaren, mundura salto egin dut, eta urte amaieran film labur bat egingo dugu. Era berean, Rodriguezekin ere finantzaketa bideak aztertzen ari gara hurrengo urtean film bat egin ahal izateko.

Eta zuk zeuk sortutako proiektu bat noizko? Zure asmoetan sartzen al da?

Zuk zuzendu, zuk grabatu, zuk muntatu… oso zaila da. Bideo laburrak ikasten nengoen bitartean egin behar izan nituen halako lan asko, eta orain ere gustatzen zait, baina profesionalki beste gauza bat. Horregatik, orain ez dut helburuen artean nik sortutako zerbait egitea. Hala ere, bi film labur zuzendu ditut: Lentejas orain zine jaialdi desberdinetan parte hartzen ari da, El abrazo, aldiz, muntaia prozesuan dago oraindik.

 

La casa de papel edota Las chicas del cable telesailetako partaide izan zara. Nolakoa da horrelako produktu arrakastatsuetan lan egitea?

Produktuak zenbat eta garrantzia edo ospe gehiago izan, presioa orduan eta handiagoa da. Baina era berean, horrelako telesailak ondo prestatuta daude, diru asko dute eta ardura handiko pertsona asko daude. Nire kasuan, horrelako proiektuetan lan egitea ederra da, ardurarik gabe egoteaz gain, asko dakiten profesionalekin lan egitean asko ikasten baituzu.

Eta aktoreekin izaten al duzu harremanik?

Aktoreak beraien aldetik ibiltzen dira, baina leku guztietan bezala, era guztietakoak daude. Kamerarekin ibiltzen naizenez, egia da elkarrizketa asko entzuten ditudala, kuriosoak asko. Horrez gain, beraiek galderarik egin ezean, normalean ez diegu hitz egiten. Izan ere, nahiz eta barrez ikusi, beharbada eszena jakin baterako kontzentratuta daude, eta ez da komeni eragoztea.

Eta telesail horietan parte hartzeak lan mundurako ateak zabaltzen al dizkizu?

Argazki-zuzendari izanez gero, ate pila bat zabalduko zaizkizu. Baina argazki-zuzendariak azpitik laguntzaile asko izaten ditu, eta horrelako superprodukzioetan lan egitea zer den ikasten dute. Teknikoak garenoi ateak ez zaizkigu zabaltzen horrelako lanetan aritzeagatik, baina kontaktu asko lor ditzakezu. Goiko postuetan daudenek lan asko egiten dute, eta zu ezagutzen bazaituzte, aukera gehiago izango dituzu beraiek doazen lanetara joateko.

Harpidetza eta 'streaming' bidezko plataformen garaian gaude. Horiek euren produktuak ateratzen dituzte, eta gero eta gehiago kontsumitzen dira. Nola eragin du horrek industrian?


Oso eragin positiboa da nire ustez. Ekoizten hasi diren unetik, euren arteko konpetentzia handia dute, eta ni bezalako langileentzat lan gehiago egongo dela esan nahi du horrek. Beste kontua da produktu hori kalitate onekoa edo txarrekoa den… Baina lan aldetik, guretzat ezin hobea da plataforma hauek sortu izana.

Teknologia etengabe aldatzen ari den bezala, zure ikaspen prozesua ere etengabekoa al da?

Bai. Azkenean, mugikorrekin gertatzen den bera pasatzen ari da kamerekin; urtero, modelo berri bat ateratzen dute. Ondorioz, milaka kamera desberdin dituzu merkatuan eta hotrien guztien erabilera ezagutu beharra duzu. Zuzendari bakoitzak duen aurrekontuaren eta behar dituen ezaugarrien arabera aukeratzen ditu kamerak, eta zuk, langile bezala, kamera hori erabiltzen jakin behar duzu argazki-zuzendariak eskatzen dizuna emateko. Kamerak, argi proiektoreak… berria den guztia ezagutu behar duzu.

Gaur egun lan asko izan arren, inork ezin dizu ziurtatu aurrerantzean ere lanean jarraituko duzula. Mundu zaila da zentzu horretan. Nola eramaten duzu?


Hala irakatsi didate, eta beti esaten dut; mundu hau bizitzeko modu bat da. Izan ere, horrela ezin baduzu bizi, hobe duzu eta beste arlo bateko lana aurkitu. Momentu batzuetan lan asko izan dezakezu, baina posible da jarraian lanik ez izatea. Hala ere, gidoigileak edota zuzendariak sortzaileak dira, eta gu berriz, teknikoak. Zentzu horretan alde positiboa dugu, lan gehiago eta proiektu gehiagotan lan egiteko aukera izaten dugulako.

Azkoitiko talde eta eragileekin lana egin duzu. Aurrerantzean ere jarraitu nahi duzu? Edo zailagoa izango zaizu etortzea?

Aurreko urteetan ez dut nahi adina etortzeko aukerarik izan. Ikasketak amaituta ordea, joan-itzulian ibiliko naiz, lana non ateratzen zaidanaren arabera. Gainera, Azkoitiko mugimenduan ibiltzea gustatzen zait, dakidanan heinean laguntzeko asmoz. Hori bai, mundu honetatik bizi eta jan nahi dut, eta adibidez, bideo bat egingo dudala aginduz gero, eta ondoren ordaindutako lan batetik deitzen badidate Madriletik, joan egingo nintzateke. Beraz, arazo bakarra hori izango litzateke. Baina ni benetan gustura sentitzen naiz Azkoitiko taldeekin lan egiten. Esku artean, gainera, baditut hainbat proiektu Azkoitian; Herrixen merkatari elkartearekin edota musika talde batekin.

Azkoitiarekin duzun lotura horretan, Maxixatzen aldizkariarekin ere kolaboratzen duzu. Zer eskaintzen dizu Hileko argazkixek sailak?

Argazkilaritzari errespetua galdu zaiola uste dut azken urteetan. Gaur egun, denok dugu mugikorra edo kamera, eta sare sozialak erabiliz, argazkilariei errespetua galdu diegula sentitzen dut, eta Maxixatzenek eskaintzen didan txokoa errespetu hori berreskuratzeko erakusketa bezala hartzen dut.

Amets bat betetzeko?

Nire ametsa mundu honetatik bizitzea da, eta hori, lan honetan, ez da erraza. Ondoren, Goya edo Oscar sari bat irabaztea, ametsetetatik haratago dagoen zerbait izango litzateke. Baina lehen aukera bezala, lan honetan aritu eta diru faltarik ez izatea dut. Gainera, nire asmoa Azkoitian bizi ahal izatea eta lanaren arabera mugitzea da. Bizitokia Azkoitia izanda, azken finean, Espainiako edozein tokitara egun batean irits naiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide