"Osasuna bere osotasunean lantzen dugu Sendatzen zentroan"

Babestutako albistea 2019ko aza. 13a, 13:14

Itziar Albizuri naturopatak joan zen maiatzean zabaldu zuen Sendatzen zentroa, Ibai Ondo kalean. Gorputza eta adimena bere osotasunean lantzeko asmoz, askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzte hango profesionalek.

Zer zerbitzu eskaintzen dituzue Sendatzenen?

Osasuna bere osotasunean lantzen dugu zentroan. Gorputzari dagokionez, pilates eta yoga ematen hasi ginen Sendatzenen, eta horiekin jarraitzen dugu gaur egun ere. Dena den, ikasturte honetatik aurrera berrikuntzak izango dira, eta zerbitzu ugari izango ditugu egunerokoan; osteopata funtzional zerbitzua eskaintzen hasi gara. Amaia Labaka Garezur Osteopatiaren Akademiako kideak eskainiko du zerbitzua; mugimendu leunekin egiten du lan hark, pazientearen gorputza bere onera itzuli, orekatu ,eta senda dadin. Naturopatak ere izango ditugu, baita medikuntza txinatarraren teknika guztiak landuko dituen akupuntura zerbitzua ere. Horrez gain, K-Stetch eta TR X eskolak ere eskainiko ditugu. Azken horiek aproposak dira kirola praktikatu nahi dutenentzat, posturak zuzendu nahi dituztenentzat edota lesiore nbat dutenentzat. Era berean, norberaren irudiari buruzko aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen dugu. Aitziber Badiolak eskainiko ditu saioak, eta jendea hobeto senti dadin, haren irudiari dagozkion hainbat aholku ematen du. Donostiako Onkologikoan lan egin izan du Badiolak, eta hango gaixoei aholkuak ematen zizkien. Izan ere, Badiolak dioen moduan, harrigarria da jendeari zenbat eragiten dion aldaketa bat egiteak. Askotan, azaleko kontutzat hartzen dugu norberaren irudi fisikoa, baina terapeutikoa ere izan daiteke hein batean.

 

Adimenaren alorrean, berriz, zer egiten duzue?

Adimena eta ongizatea lantzeko, meditazio eta erlaxazio teknikak lantzen ditugu, hala nola mindfulness saioen bidez. Alor honetan, bi bide hartu ditugu zentroan: batetik, ekialdeko medikuntzara eta tekniketara bideratutako saioak eskainiko ditugu. Soinuak eta musika asko erabiltzen da meditaziorako eta erlaxatzeko, baina egia da askorentzat hori oraindik arrotza dela; beraz, nahiago duenarentzat bide psikologikoa ere jarriko dugu martxan, eta psikologo baten kontsulta ere izango dugu.

 

Zer-nolako profesionalek egiten duzue lan Sendatzenen?

Ibilbide luzeko lantalde zabala elkartzen gara zentroan. Oihane Oruezabal arduratu da medikuntza txinatar tradizionala jorratzeaz, eta hainbat teknika landuko du hark: akupuntura, moxibustion tratamendua, fisioterapia, aurikulopuntura, dietoterapia, masaje tuina eta Chi Kung terapeutikoa. Ane Campos coach nutrizionala, berriz,nutrizionismoaz arduratuko da, eta akupuntura eta aurikulopuntura teknikak ere jorratuko ditu hark. Bestalde, Maider Oliva coachak psikologo kontsulta eskainiko du. Erlaxazio eta mindfulness tekniken lidergotzan aditua da Oliva, eta hain zuzen ere, lidergoari lotutako proiektu ugari gidatu ditu hark Kutxa Fundazioan. Irantzu Iturbek, berriz, arteterapia saioak zuzenduko ditu, eta Miren Aramendi izango da pilates irakaslea. Yoga eskolak, berriz, Dafne Gurrutxagak eta Edurne Salegik eskainiko dituzte. Gurrutxagak bowspring teknika lantzen du, eta Salegik, berriz, yoga klasikoa du oinarri.

 

Aurrera begira, zer asmo dituzue?

Zentroaren funtsa osasuna bere osotasunean garatzea bada ere, ekintza kulturalak eta sozialak antolatzen ere hasiko gara. Besteak beste, liburu aurkezpenak egingo ditugu, eta hitzaldiak ere eskainiko ditugu. Gaur egun pil-pilean dauden kultura eta gizarte gaiak jorratuko ditugu halako ekintzen bidez. Era berean, informazio gune bat sortuko dugu zentroan, eta hainbat liburu egongo da eskuragarri han. Edozein herritar, inongo konpromisorik gabe sartu ahal izango da hara. Gainera, iradokizunetarako buzoia ere jarriko dugu sarreran, herritarren nahietara zabalik baikaude. Horrez gain, ikasturtean zehar askotariko ikastaroak eskainiko ditugu aldiro. Lehenengoa sendabelarrei buruzkoa izango da, eta Garbiñe Larreak eskainiko du. Urritik aurrera hainbat modulutan banatutako saioak eskainiko ditu Larreak, eta jendeak nahi duen saioetara joan ahal izango du.

 

Zerk egiten zaituzte berezi?

Gisa honetako zentroak, oro har, gorputzera edo adimenera espezializatuta ogon ohi dira,  baina bi eremuak osotasunean eta elkarrekin jorratzen dituen lekurik inguruan ez dago. Bi eremuak lantzean, oso abaniko zabala eskaintzen diegu herritarrei, eta uste dut horrek egiten gaituela berezi.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide