Juaristi ISB taldeko entrenatzailea

Iñaki Jimenez: "Denboraldia hasi aurretik ez genuen bosgarren partidara begiratzen, baina orain seigarrena irabazi nahi dugu"

Iñaki Jimenez.

Iraurgi Saskibaloiko gizonen lehen taldeak, Juaristi ISBk, bikain hasi du 2019-2020 denboraldia, Zilarrezko LEB Ligan. Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak bostetik bost jardunaldi irabazi ditu, eta sailkapenaren buruan da. Iñaki Jimenez (Donostia, 1984) da taldearen entrenatzailea sasoi berria hasi zenetik, eta hankak lurrean baditu ere, "oso gustura" da taldearekin eta jokalariak egiten ari diren lanarekin. Donostiarrarekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

  • Ezin hobeto hasi duzue denboraldia...

Pozik egoteko moduan gara. Ni berria naiz, baina bagenuen abantaila bat: jokalari asko iaz ere taldean aritu ziren, baita Goar Artetxe laguntzailea ere. Hori aldea izan da, eta gainera, gauzak oso ondo atera zaizkigu denboraldi-aurrea hasi genuenetik. Ligako lehen bost partidak irabaztea aipatzekoa da, eta aurretik Euskal Kopa irabazi genuen GBCren kontra. Garaipen hark konfiantza puntu bat eman zigun, beharbada. Lanean ondo ari da taldea, oraindik ez da jokalaririk lesionatu, eta horrek badu bere garrantzia. Izan ere, hamar jokalariko taldea osatu dugu.

  • Zer muga ditu jokalari kopuru hori izateak?

Hamabi jokalarira arteko taldeak osa ditzakegu, baina gurea hamarrekoa da. Hori ona da lehiari begira, denek izango dutelako jokatzeko aukera. Aldiz, lesioak baldin badaude tartean, baditu mugak kopuru horrek, batez ere entrenamenduei dagokienez: bost lagunek beste bosten kontra ezin dute jokatu partidarik entrenamendu saioetan. Halere, harrobiko Manex Ansorregik eta Mikel Ibargurenek ere gurekin entrenatzen dute.

  • Espero al zenuten denboraldia hain ondo hastea?

Nahi genuen, baina espero... ez dakit halakorik espero daitekeen. Denboraldia hasi aurretik ez genuen bosgarren partidara begiratzen, baina orain seigarrena irabazi nahi dugu. Bagenekien denboraldi-aurrean txukun ari ginela jokatzen, partida denetan izan ginen leihakorrak, eta horrek konfiantza puntu bat eman zigun. Gero, liga ere ondo hasi genuen.

  • Nolako taldea osatu duzuela esango zenuke?

Orekatua dela uste dut. Bost euskaldun ditugu taldean, eta hori oso garrantzitsua da taldea klubarekin identifikatzeko; Zilarrezko LEB Ligako talde askotan jokalari denak kanpotarrak dira. Gurean bost dira Euskal Herritik kanpoko jokalariak, eta oso ondo egin dira taldera. Gainera, horietako bi ISBn aritu ziren aurreko denboraldian ere. Kanpotik etorri diren jokalari berriak ondo integratu dira taldean, Ibon Guridi berria da baina inork baino hobeto ezagutzen du taldea eta Ierai Aizpitartek bi urte zeramatzan taldearekin entrenatzen. Denak dira garrantzitsuak, eta denak ari dira parte hartzen.

  • Etxeko jokalariek zer garrantzia dute taldean?

Horiek dira halako taldeen zentzua. Ez balego etxeko jokalaririk, taldeek askoz ere zentzu gutxiago izango lukete, bai jasangarritasun aldetik, bai identifikazioari dagokionez. Herritarrak taldearen partidetara joatera bultzarazteko aldea da etxeko jokalariak izatea, baita klubeko ume pila horiei erreferenteak sortzeko ere. Etxeko jokalariekin gutxieneko batzuk betetzeak ezinbestekoa izan behar luke halako klubetan.

  • Zuek bi dituzue: Guridi eta Ierai. Biak ari dira minutuak izaten partidetan.

Azken partidan minutu gutxi jokatu zituen Ieraik, Navarra taldea gu baino askoz gehiago zelako fisikoki. Oso gaztea da, seinorretan bi urte daramatza, eta oraindik ibilbide izugarria du egiteko. Azken partidan minutu gutxi izan bazituen ere, hurrengoetan izango du jokatzeko aukera. Konfiantza osoa daukat berarengan; astean zehar oso ondo entrenatzen du. Guridi eta biak oso garrantzitsuak dira taldean, eta hala izango dira.

  • Zein dira taldearen indarguneak? Eta zein ahulguneak?

Orekatua da taldea, minutuak jokalari denen artean bana ditzazkegu. Aurkariek hala esan izan digute, harriduraz: "Denek jokatzen dute, eta denek saskira dezakete". Eta hala da, bai. Badakigu gure saskiratzaile onenak Spencer eta Jajvaughn direla, baina beste denek ere sortzen dute arriskua. Gainera, defentsan talde sendoa ari gara izaten, ez gara puntu asko jokatzen ari. Taldea orekatua izateak ahalbidetzen du jokalari guztiak minutu gutxiago jokatuta iristea partidaren amaierara; beste talde batzuetako hainbat jokalari nekatuta iristen dira.

Ahulguneak, berriz... Ez ditugu bilatuko... [barrez]. Ez, ez, bilatuko ditugu ahulguneak, beti ere hobetzeko. Gure ahulgunea izan daiteke, agian, taldea motza dela, eta lesioak sortzen badira, arazoak izan ditzakegula entrenatzeko. Dena den, orokorrean oso pozik gaude taldearekin.

  • Sailkapenaren buruan zarete. Nola ikusten duzu denboraldia?

Orain arte aurkari izan ditugun taldeak sailkapeneko bosgarren edo seigarren postutik behera daude. Goragoko postuetan dauden taldeen kontra jokatzea falta zaigu. Horren kontziente gara, eta badakigu une txarrak ere iritsiko direla. Dena den, bostetik bost partida irabazteak koltxoia sortzen laguntzen du, eta une txarrak iristen direnean gauzak ondo egiteko gai garela jakiteko ere bai.

  • Zer helburu jarri dituzu denboraldiari begira?

Orain modan dagoen esaldia esango dut: partidaz partida joatea [barrez]. Helburua da lehen fasean goiko taldean sailkatzea, horrela mailari eustea bermatuko genukeelako. Lehen fasea ari gara jokatzen orain, eta bukatzean, seina talde sailkatuko dira igoera edo jaitsiera faseetara; horiei beste ligaxkako seina talde gehituko zaizkie.

  • Entrenatzaile bezala, nola hasi duzu denboraldia?

Urte ugari eman ditut taldeak entrenatzen, baina sekula ez nintzen aritu maila honetako talde batean. Jokalariak etengabe entrenatzeko aukera izatea eta jokalariak topera entrenatzen ikustea izugarria da. Taldeko kide gehienok –Guridi eta Ierai salbu– saskibaloia dugu ogibide, eta horrek ahalbidetzen du kirolarien inplikazioa gorena izatea. Aldi berean, talde teknikoko kideoi exijentzia sortzen digu horrek. Oso gustura nago, bizitzen ari naizena oso polita delako.

  • Nola jaso zenuen entrenatzaile izateko ISBko kideek egindako proposamena?

Gustura, pozez. Zarautzen nengoen, banekien Lolo [Encinas] Bilbora zihoala, eta aukera oso ona zen niretzat. Egun batetik bestera deitu zidaten, eta orduko lanarekin eta martxan nuen beste proiektu batekin moldatu behar izan nuen, baina ilusio handiarekin hartu nuen proposamena. Izan ere, urte pila bat pasatu ditut taldeak entrenatzen, eta zerbait berria probatzeko momentu aproposa zen niretzat.

  • ISBko entrenatzaile postua hartu aurretik, jarraitzen al zenuen kluba?

Bai. Aspaldidanik nabil Gipuzkoako taldeak entrenatzen; hasieran neskekin aritu nintzen, eta gero mutilekin. Beti jarraitu izan dut ISB, aurreko entrenatzailearekin harreman handia nuen, eta askotan etortzen nintzen ISBko nesken nahiz mutilen partidak ikustera. Pentsa, neskak mailaz igo ziren urtean liga hartako beste talde bat entrenatzen nuen. Aspalditik ezagutzen dut ISB, eta esango nuke Gipuzkoako erreferenteetako bat dela. Garrantzitsua da eskualdeetan halako klubak egotea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide