Bizilore, onartua eta aitortua

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 31a, 12:08

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren homologazioa lortu du Bizilore Eskola Aktiboak, eta beraz, sistema arautuan txertatu da ikastetxea. Prozesu luzearen eta nekezaren ondoren, hango kideek "lasaitasunez" hartu dute jaurlaritzaren aitorpena. Urriko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Joan den abuztuaz geroztik, ikastetxe aitorpena du Bizilore Eskola Aktiboak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren homologazioa jaso baitu eskolak. Ikastetxeko kideen aspaldiko desira izan da sistema arautuaren barnean txertatzea, eta horretarako burubelarri aritu dira lanean azken urteetan. Hezkuntza sistemaren egituran txertatzeak hainbat berme sor diezaieketela uste dute orain arte libre izaera izan duen eskolako kideek, eta beraz, homologazioak “lasaitasuna eta poza” eragin die hango komunitatea osatzen duten guztiei, profesionalei zein gurasoei.

Espainiako estatuan, 6 urtetik 16 urtera bitarteko umeen etxeko hezkuntza ez dago onartuta, ezta araututako sistematik kanpo ikastea ere. Hain zuzen ere, araututako hezkuntza sistematik at kokatu da orain arte Bizilore, eta honela definitu dute haren egoera Irune Agirregabiriak (Deba, Gipuzkoa, 1978), Zaine Rekondok (Lesaka, Nafarroa, 1978) eta Lander Mujikak (Azkoitia, 1979): “Orain arte, ez ginen existitzen. Adin tarte horretako umeen izenek eskolaren batean agertu behar dute, legez. Joan zen udaberritik, Hezkuntza Sailak gure umeen berri zuen, eta hein batean, normalizatuta zeuden. Aurretik ere bazekien Biziloren ume batzuk zeudela, baina ofizialki ez zeuden inon”. Hirurak dira Biziloreko gurasoak, eta Agirregabiria hango zuzendaria ere bada. Egun, Biziloreko 30 ikasleetatik hamalauk dituzte 6 urte baino gehiago, eta Agirregabiriaren, Rekondoren eta Mujikaren seme-alabak daude hezkuntzaren derrigorrezko aldi horretan. Azpimarratu dutenez, beraiek ez dute inongo presiorik jasan, baina homologatuta ez egoteak “ziurgabetasuna” eragin diela aitortu dute. “Etorkizunean, ez dakit nire semeak zer bide hartuko duen; 12 urterekin, beharbada erabakiko dugu beste eskola batera joatea, baina orain badakit semeak horretarako ate guztiak irekita izango dituela. Zentzu horretan, izugarrizko lasaitasuna ematen dit homologazioa lortzeak”, dio Agirregabiriak.

Legeak etxeko hezkuntza debekatzeagatik, ez da beti modu berean praktikan jartzen neurri hori, eta zentzu horretan, “hutsune” bat badagoela nabari dute hiru lagunek, kasuan kasuko adibideak egon daitezkeelako; sistematik kanpo aritzeak gorabeherarik ez die eragin Biziloreko gurasoei, baina jakin badakite beste eskola libre batzuetako gurasoek arazoak izan dituztela. “Hezkuntza Sailak haur baten eskolarizazioaren berri ez badu, udaletako Gizarte Zerbitzuetara jo dezake. Ondoren, Gizarte Zerbitzuek familia ebaluatzen dute; umea ondo zaindua dagoen edo ez aztertzen dute. Normalean, ikusten dute haurrak ongi zainduak daudela eta ez dute ondoriorik izaten, baina, dena den, ez dakit nire seme-alabak egoera horretan jartzea nahiko al nukeen. Horregatik, lasaitasuna ematen dit eskola hau aitortua dagoela ikusteak eta dena agerikoa dela ikusarazteak”, dio Rekondok.

Bidea, lasaia baina luzea

2012ko ekainean erein zuten hainbat gurasok Bizilore eskola librea sortzeko lehen alea, eta bi urte geroago jarri zuten eskola martxan Azkoitiko Bizenta Mogel kalean. Egun, sorrerako gurasorik ez dago Biziloren, baina Agirregabiriak gogoratzen du ondoren batu ziren gurasoetako batzuk hasi zirela sistemara txertatzearen aldeko hautua egiten, aurreneko lokal hartan ikastetxea ireki eta hilabete batzuetara. “Une horretan geunden familiok sentitzen genuen normalizazio bat ekarriko lukeela eskola arautzeak, familia gehiago etorriko liratekelako eta umeei erraztasunak emango genizkielako. Orduan hasi ginen behar hori nabaritzen”. Rekondo beranduago batu zen proiektura, eta ordurako erabakia hartuta zegoen: “Guraso bezala, eskolak homologatzeko asmoa izatea positiboa izan zen guretzat. Garrantzitsua izan zen eskola honetara batzeko erabakia hartzeko garaian, bagenekielako normaltasun bat etorriko zela”.

Hiru gurasoek adierazi dutenez, “lasai” joan da homologatzeko prozesua, besteak beste Hezkuntza Saila jakitun zelako Bizilorek sistema arautuan txertatzeko asmoa zuela eta bi aldeen arteko harremana etengabekoa izan delako. “Hezkuntza Sailekoek bazekiten zertan ari ginen, gure helburua homologatzea zela eta hori denbora kontua izango zela”. Egindakoaz galdetuta, ordea, "luzea eta nekeza" egin zaie bidea. Adierazi dutenez, homologazioa lortzeko egin behar izan zuten lanik nagusiena Altamirako eraikina eskuratzea izan zen, 2012an martxan jarri zuten eskolako gune hark ez zituelako horretarako beharrezko baldintzak betetzen. “Eraikinak eta lursailak izaera jakin bana izan behar zuten. Horrez gain, irisgarritasunari eta metrajeari zegozkien baldintzak bete behar zituen. Baldintzak betetzen zituen inguruko eraikin bakarra honako hau zen”, diote Altamira auzoan duten eskolan. Era berean, inbertsioa bideragarri izateko eta egitasmoari forma emateko hainbat proiektu jarri zuten martxan, eta 2015ean, Hazitik Kooperatiba sortu zuten orduko zortzi familiek, ikastetxeak egitura bat izan zezan. Zuzendariak gogoratzen du orduko gurasoek “apustu sendoa” egin zutela eraikina eskuratzeko, “ekonomikoa eta energetikoa”.

Bizilorek 2016ko irailean hasi zuen ikasturtea ikastetxe berrian, eta ordutik, askotariko lanak uztartu behar izan dituzte. “Urtez urte, homologaziorako behar izan ditugun obrak egin ditugu. Horrez gain, beharrezko tramitazioak egin, dokumentazioak aurkeztu eta profesional egokiak bilatzen aritu gara”.

Hezkuntza Sailak iaz eman zuen ontzat Biziloreren proiektu pedagogikoa, eta delegaritzak berrikuntza metodologiko gisa onartu zuen egitasmoa. Proiektu pedagogikoa baino, ordea, proiektu teknikoa lortzea izan dela zailena azpimarratu du Rekondok: “Eskola bat sortzerakoan, askok pentsa dezakete egin behar duzun aurreneko lana dela proiektu pedagogikoa sortzea. Baina hori azken zereginetako bat izan da. Horren aurretik etorri dira azpiegitura lanak, eta jakin behar duzu inbertsioez, elektrizitateaz, legediaz…”. Agirregabiria: “Askotan etortzen zaizkigu hezkuntza proiektu bat sortu nahi dituztenak galdezka. ‘Lanerako gogo handia al daukazue?’, galdetzen diet beti. Energia izugarria behar da, eta zorte asko ere bai. Guk hala izan dugu”. Izan ere, bide horretan, gurasoen batasuna azpimarratu du zuzendariak: “Delegaritzak obraren bat egin behar genuela eskatu izan digunean, guraso guztiak beti hor egon dira. Denon elkarlanarekin egin dugu, eta horrek izugarri asebetetzen zaitu”.

Irakasleak dira Mujika, Rekondo eta Agirregabiria, eta hezkuntza “bor-borka” dagoela nabari dute hirurek, “kezka handiko uneak” bizi dituztelako arlo horretan. Biziloreri dagokionez, “eskola aktibotzat” dute ikastetxea, eta umearen “garapen osoa” bultzatzea helburu, “errespetuzko hezkuntza” dute oinarri. Rekondoren iritziz, gainera, Biziloreren bereizgarrietako bat da proiektua “integrala” dela, “eskolaz haratago” doalako eta gurasoek proiektuarekiko konpromiso sendoa dutelako. Ildo horretan, ikastetxe bakoitzak izan ditzakeen lan ildoak, antolakuntza eta metodologia praktikan jartzerakoan, ez dute uste sistema bera muga izan daitekeenik: “Hezkuntza proiektuari dagokionez, homologazioa lortzeak erakusten du sistemaren barruan ere gauzak beste modu batera egin daitezkeela. Izan ere, egun hezkuntza oso zatituta dago, eta badirudi eskola publikoaren, itunpekoaren edota libre baten artean aukeratu behar duzula. Maiz, arrakalak hortik sortzen ditugu, umea edota metodologia bera erdigunean jarri beharrean”, dio Biziloreko zuzendariak. Rekondok ere ildo beretik hitz egin du, eta gaineratu “edozein eskolak” egin dezakeela lan Biziloren egiten duten begirada berarekin.

Aldaketa, harremanetan ere

Homologazioa lortuta, 2-13 urte bitarteko umeekin lan egiten duten Azkoitiko ikastetxe bat gehiago bihurtu da Bizilore, eta ikastetxe aitorpena lortzeak herriko gainontzeko eskolekin duten harremanean eragingo duela uste du zuzendariak: “Beste ikastetxeekin izan dugun hartu-emana murritza izan da orain arte. Izan ere, Bizilorek ikastetxe entitatea ez izateak aukerarik ez digu eman, esaterako, guraso elkarte egiturarik edukitzeko edo Eskola Kirolean parte hartzeko. Orain, berriz, sentitzen dut ikastetxeok berdinetik berdinera egingo dugula lan. Herriko eskolen artean gauza berriak eta gehiago egin eta antolatu ahal izango ditugulakoan nago. Zentzu horretan, irekitzen joango gara pixkanaka-pixkanaka”.

Ikastetxeengan ez ezik, Hezkuntza Sailaren homologazioak herritarrengan ere eraginik izango duela uste dute hango gurasoek, proiektuari “sendotasuna” emango diolako. “Herritarrengan normalizatzen ari da pixkanaka Bizilore, baina homologatuta ez egoteak askori eragiten zion halako atzerakada edo ezinegon bat. Gainera, Azkoitia bada nahiko herri tradizionala, eta badago aldaketatarako halako beldur bat. Dena den, igartzen dugu ari direla Bizilorekiko duten ikuspegia aldatzen, eta homologazio honek asko lagunduko digu”. Agirregabiria: “Beti normalizatu nahi izan dugu Bizilore, esanez herriko ikastetxe bat gehiago garela, ez hobea, ezta txarragoa ere. Herrian beste aukera bat ireki nahi genuen eta horri forma eman nahi genion. Uste dut denbora pixka bat pasatutakoan gehiago antzemango dugula. Jendeak ikusiko du hemendik ateratzen diren haurrek bizitza normala egiten dutela; ez direla estralurtar batzuk”. Lorpenik handiena homologazioa lortzea izan al den galdetuta, berriz, zuzendariak argi du ezetz; “ametsak egi bihurtzea” izan da harentzat gauzarik onena.

Urriko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide