Nayaten eta Aichaturen bigarren familia

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 6a, 10:40
Lurdes Alberdi eta Garazi Salegi.

Oporrak Bakean programan parte hartu dute Lurdes Alberdiren (Azpeitia, 1966) eta Garazi Salegiren (Azkoitia, 1986) familiek. Ia bi hilabetez izan dituzte Nayat eta Aichatu haur sahararrak etxean, eta abuztu bukaeran Tindufeko kanpalekura bueltatu ziren bi haurrak. Biek ala biek lehen aldiz parte hartu dute programan, eta berriz errepikatzeko gogoa dutela diote. Maxixatzenen urrikoa aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Hassaniaz etxea dar esaten da; ama, berriz, lum. Garazi Salegi eta Lurdes Alberdi ama ez ezik, etxea edo aterpea ere izan dira aurtengo udan Nayat eta Aichatu Saharako neskatilentzat, bi hilabetez izan baitituzte familian Oporrak Bakean programaren bidez. Biek ala biek lehenengo aldia zuten programan, eta izandako esperientziarekin “oso gustura” gelditu dira.

Haur sahararrak uda partean Euskal Herrira etor daitezen arduratzen den programa da Oporrak Bakean, eta urtero-urtero hainbat familia sahararrek eta euskaldunek nahiz bestelako erakundeek parte hartzen dute bertan. Duela 43 urte Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuen, eta saharar askok ez zuten Tindufeko (Argelia) errefuxiatuen kanpalekuetara joan beste erremediorik izan bizirauteko. Kanpamentu horiek munduko basamortu lehorrenetariko baten erdi-erdian daude, eta oinarrizko elikagaien eta baliabideen eskasia nabarmena da bertan. Horrez gain, udan nahiz neguan muturreko tenperaturak jasan behar izaten dituzte errefuxiatuek, eta horrek guztiak bizi kalitatea ez ezik, eguneroko bizitza ere zaildu egiten die bertako familiei.

“Aspalditik nekien Saharatik haurrak ekartzeko programa bat zegoela, baina inoiz ez nuen une egokia topatzen. Aurten, animatu egin gara”, dio Salegik. Behin programan parte hartzeko erabakia hartu zuenean, herrialdearekiko sentsibilizazioa areagotu zitaion. “Bikotekideari programa honen inguruan galdetzen nion, eta hasieran, aurpegi arraroa jartzen zidan; azkenean, ordea, benetan nahi nuela konturatu zen, eta izena eman genuen”, gaineratu du. Alberdik, berriz, Oporrak Bakean programa “parean” tokatu zitzaiela dio: “Etxean hainbat urtetan aipatu izan dut udan haur bat ekartzeko asmoa nuela; ez geniekien Saharakoa, Ukrainakoa…”. Neguko igande arratsalde batean, Zumaiako Darahli elkartearen iragarki bat ikusi zuen Alberdik, eta senarrari eta semealabei galdetu zien Saharako gaztetxo bat ekartzea zer iruditzen zitzaien. Familiaren onespena jaso zuen Alberdik, eta programan parte hartzera animatu ziren. “Duela urte batzuk ere pentsatu genuen udan umeren bat ekartzea, baina haurrak txikiagoak ziren, eta alde batera utzi egin genuen ideia”, aitortu du. Alberdiren esanetan, programan “konbentzituta” parte hartzea ezinbestekoa da, bestela uda “luzea eta gogorra” izan baitaiteke: “Uztailean lanean aritu naiz, beraz, nire alabak arduratu dira egunean zehar Aichatuz, eta oso ondo moldatu dira”.

Haurrak herrian nola egokitu diren galdetuta, biak bat datoz esatean bi gaztetxoek ez dutela inolako arazorik izan. Hizkuntzarena da Alberdi eta Salegi gehien harritu dituen kontuetako bat: “Harrituta utzi nau hizkuntzak ikasteko Nayatek duen erraztasunak”, dio Salegik. Hark azaldu duenez, eskolan gaztelania, frantsesa edo beste hizkuntzaren bat ikasi ohi dute; Nayat, frantsesa ikasten ari da eskolan, beraz, ez zekien gaztelaniaz. Hori dela eta, euskara izan da komunikatzeko hizkuntza Salegi eta familiaren etxean, ez da, ordea, oztopo izan: “Testuingurua ulertzen hasi zenean, erantzun motzak ematen hasi zitzaigun; bi hilabete ere ez ditu egin, eta denok harrituta gelditu gara haren mailarekin. Euskara ikastea osoa zaila dela esaten dute, baina begira hauek zein ondo moldatu diren”, dio Salegik. Alberdi ere bat dator: “Ahizpak esan ohi zidan, Aichatuk Azkoitian beste bi hilabete egingo balitu, azkoitiar peto-petoa izango litzatekeela”. Interneteko Google itzultzailea erabiltzen zuten batzuetan bi familiek Nayatekin eta Aichaturekin komunikatzeko, baina euskaratik arabierara itzultzen zieten, eta biek nabarmendu dute haurrak "haserretu" egiten zirela, itzultzaileak sarritan ez zuelako haiek esan nahi zutena zehatz-mehatz itzultzen.

Hizkuntzaz gain, herrian ere ondo integratu direla diote, baita jaietan ere. “Nayat eta Aichatu biak batera eraman genituen Andramaxetako txupinazora”, dio Alberdik. Salegi ere bat dator: “Andramari bezperan, tabernetaneta sekulako atentzioa eman zuten, eta dantzan aritu ziren biak”. “Jendearekin erlazionatzeko duten gaitasuna ere ikaragarria da”, gaineratu du Alberdik. Hark dioenez, familiarekin harremana duen jendearekin pare bat aldiz egonez gero, handik aurrera familiakoa balitz moduan hartzen zituen Aichatuk. Gogoan du Salegik Nayatek lehen aldiz Azkoitian saharar bat ikusi zuen unea ere. Alberdik ere hala dio, lehenengo egunetan zur eta lur gelditzen zirela sahararrak kalean ikusten zituztenean. Kaletik doazenean, orain sahararrak zeintzuk diren bereizten dituztela diote Alberdik eta Salegik.

Bestalde, aitortzen dute “kultura talka” handia dagoela sahararren eta euskal herritarren artean, eta hasieran, bereziki, hainbat ohitura arraroak egiten zitzaizkiela bi gaztetxoei. Salegik dio Nayat “berehala” ohitu zela hemengo kulturara: “Beharbada, Nayaten familia ez da hain tradizionala, segituan hartu zuen normaltzat hemen egiten genuena”. Bestalde, Alberdik gogoratzen du hasieran Aichatuk ez zituela galtza motzak edo soinekoak jantzi nahi izan, baina egunak pasa ahala, jantzi zituela. “Nik uste Aichatuk uste zuela Euskal Herrian dena libre zela”, dio Alberdik, barrez. “Gureak hasieran bazituen konplexu batzuk, jendearen aurrean dutxatzea-eta, baina berehala ohitu zen”.

Arauak izatearen kontua ere, hasieran ez zuten begi onez ikusten bi sahararrek. “Ez zaie buruan sartzen ilarak errespetatu egin behar direla", dio Alberdik. Igerilekura joaten zirenean, ateratzen azkenak zirela ere badiote: “Igerilekua 20:00etan ixten bazen, Nayat eta Achiatu beti azkenak izaten ziren igerilekutik ateratzen”, azaldu du Salegik barrez. Baietz dio Alberdik: “Aichatuk ez zuen ulertzen zergatik itxi behar zuten igerilekua”. Hondartzan ere, berdina gertatzen zitzaiela oroitu du Salegik: “Itzurungo hondartzan, arratsalde batean, lau ordu pasatu zituen Nayatek nire bikotekidearekin”. Biek diote, ur eskasia medio dutela sahararrek urarekiko horrenbesteko fijazioa: “Lehenengo egunetan hogei minuturo komunera joaten zen Aichatu, eta oinak eta eskuak garbitzen hasten zen beti”, dio Alberdik. Izan ere, ur gutxi izateaz gain, fluorrez betetako ura dutela dio Salegik, eta kalteak eragiten dizkiela haurrei.

Kontuak kontu, bizi izandako uneak oro har esperientzia politak izan direla diote, baita hunkigarriak ere. “Bikotekideak eta nik gauero ohera laguntzen genion Nayati, eta gau batean, besarkatu egin gintuen eta bihotz forma irudikatu zigun”, dio Salegik. Garbi du horrelako “momentu txikiak” izan direla haientzat bi hilabeteotako unerik garrantsitsuenetako batzuk. Alberdiri, berriz, Aichatuk bere alabekin egindako “lotura” gustatu zaio: “Nire bi alabek eta Aichatuk gela berean egiten zuten lo egunero, oso ondo moldatu dira”. Alberdi gogoratzen da bere alabak lagunekin kalera ateratzen zirenean, nola haserretzen zen Aichatu: “Gauean alabak parrandatik etxera iritsi gabe zeudenean, Aichatu haserretu egiten zen”.

Uda amaitzen zihoan heinean, bi familiei Aichatu eta Nayat agurtzeko ordua iritsi zitzaien. “Oso gogorra izan zen”, dio Salegik. “Ez nekien nola agurtu”. Salegik Nayat bere familiarekin zein ondo moldatu zen ikusita, azken egunean festa antolatu zion hari, bere familiarekin batera: “Globoak jarri genizkion etxean, eta jende pila bat etorri zen bera agurtzera”, gogoratzen da. Alberdik ere juntadizo txiki bat antolatu zion Aichaturi, eta bere alabaren lagunak gonbidatu zituen: “Denek opariak ekarri zizkieten Aichaturi eta gero maletan ezin kabitu…”.

Benetan agurtzeko ordua iritsi zenean, berriz, malkoei ezin eutsita ibili zirela gogoratzen dute Salegik eta Alberdik, baina gaztetxoak beraiek “lasai” zeudela. “Nire alaba gaztea eguzkitako betaurrekoekin joan zen, eta Aichatu konturatu egin zen negarrez ari zela; lasaitzeko esan zion”, dio Alberdik. Orain bi familiak eta bi gaztetxoak milaka kilometrok banatzen dituzten arren, haurrekin “sarritan” hitz egiten dutela diote Salegik eta Alberdik. “Tindufera iritsi zenean, Realeko kamisetarekin argazkia bidali zigun”, dio Salegik. Alberdik eta familiak ere Aichaturekin kanpamentura iritsi eta egun batzuetara hitz egin zuten, eta Euskal Herrira berriro bueltatu nahi duela dio.

 

Sorterriko egoera latza

Alberdik eta Salegik bi gaztetxoekin haiek eta haien familiak izandako uneak oroitzean, ordea, ez dute ahaztu nahi Saharako herriak bizi duen egoera. 44 urte dira sahararrak Tindufeko kanpalekuan daudenetik, eta azken urteetan egoera okertu egin dela diote biek. “Duela hamar urte laguntza gehiago jasotzen zuten sahararrek; orain, berriz, krisiaren aitzakian ez dute laguntza handirik jasotzen”, dio Alberdik. Salegik esan du orain konturatu dela “historian zehar” zer gertatu zen Sahararekin: “Gogoa nuen mundu horretan sartzeko eta Sahararen egoeraz apur bat gehiago jakiteko”, azaldu Salegik. “Gure esku zer dagoen eta zer ez jakitea ere garrantzitsua da”, gaineratu du.

Oporrak Bakean programan, garai batean 8-12 urte bitarteko haurrek parte hartzen zuten, baina geroz eta ume gehiago, eta haurrak jasotzeko prest dauden familia gutxiago daudela diote Alberdik eta Salegik. Beraz, 10-12 urte bitartera mugatu dute adin-tartea. Azpeitiarrak dio bera eta bere familia “kezkatuta” daudela Aichaturen familiak bizi duen egoerarekin: “Aurtengo udan Euskal Herrira ekarri dugu, datorrenean ere agian ekarriko dugu, baina hau ez da haientzat irtenbide bat izango”. Salegik dioenez, saharar herriak bizi duen egoeraren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko lan egin behar da: “Egia da guztia ez dagoela gure esku, baina herritik gauzak aldatzen hasi beharko genuke”.

Ildo beretik, Salegiri eta Alberdiri "harrigarria" iruditzen zaie Aichatuk eta Nayatek etxean wifia eta telebista izatea, baina askotan ura eta oinarrizko elikagaiak falta izatea. “Munduko telesail eta bideo guztietara sarbidea dute, baina gero, ez dute oinarrizko gauzarik”. Alberdi ere bat dator: “Saharar asko horrekin oso kritikoak dira, kanpalekuetan argindarra dute, baina zertarako, han gelditzeko? Hori da justu haiek nahi ez dutena…”. Hango familien egoera ere kezkagarria iruditzen zaio: “Zein etorkizun gelditzen zaie…”.

Hori guztia kontutan izanda, bi familiek ez dute zalantzarik esperientzia errepikatuko luketela, beti ere, “etxeko egoera” zein den aintzat hartuta. “Ikusi egin beharko da hurrengo urtean zein egoeratan gauden, baina aurten bezala baldin bagaude, berriro parte hartuko dugu programan”, azaldu du Salegik. Alberdik ere baietz dio, Aichatu berriz etxean hartzeko prest dagoela. “Pentsatzen duzu asko ematen duzula, baina askoz gehiago da haiek ematen dizutena”, gaineratu du. Nayatek “etxea hutsik” utzi diela dio Salegik, eta “iluntzean-eta” asko antzematen dutela haren falta. Bi familiak bat datoz esatean ez dela esfortzu handia eta merezi dutela, beste urte batez behintzat, Nayatek eta Aichatuk kanpalekua hilabete batzuetarako utzi eta oporrak bakean bizitzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide