Sare sozialak eta Interneta "seguru eta egoki" erabiltzeko formazio saioak antolatu ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 16a, 10:33

Ostiraletik azaroaren 19ra bitartean, mugikorren eta sare sozialen erabileraz, kontrolaz eta zibersegurtasunaz haursnartuko dute eta arazoei aurre egiteko estrategiak plazaratuko dituzte. Lau saio egingo dituzte, nerabeei, gazteei eta gurasoei zuzenduta.

Mugikorren eta sare sozialen "gehiegizko erabileraz" hausnartzeko eta horiek "modu egokian eta seguruan" erabiltzeko formazio saioak antolatu ditu beste urte batez Udaleko Gaztedia Sailak, eta askotariko solasaldiak prestatu ditu datozen asteetarako, gazteei, nerabeei eta gurasoei zuzenduta. Horien berri eman dute gaur Sonia Vazquez Gaztedia zinegotziak, Pello Larrañaga Gaztediako teknikariak eta Leire Lasuen Pantallas Amigas zibersegurtasunari lotutako enpresako kideak. Enpresa horrek gidatuko ditu saioak, euskaraz eta doan.

Vazquezek adierazi duenez, mugikorren eta sare sozialen gaineko kezka "nabaria" da gizartean, eta Udalari "erantzun egokia" ematea dagokiola azpimarratu du. Horretarako, lau saio antolatu dituzte, lehenengo biak nerabeei eta gurasoei zuzenduta, eta beste biak edozeini. Ostiralean, hilaren 18an, belaunaldien arteko eztabaida tailerra egingo dute, Mugikor eta bideojokoen neurriko erabilera izenpean. Nerabeek eta gurasoek parte hartuko dute saioan, eta belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko eztabaidaren bidez, mugikorren eta bideojokoen erabilera eta ikuspuntu desberdinak plazaratuko dituzte. Belaunaldien artean "konfidantzazko giroa" eta "beharrezko ziber-elkarbizitza" egon dadin estrategia komunak zehaztea izango da saioaren helburua, Lasuenek azaldu duenez.

Bigarren saioa hilaren 25ean egingo dute, ostiralez. Tailer praktikoa izango da Abarketatxo ludotekan egingo dutena, eta LH4. eta LH6. maila bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute han. Pantallas Amigaseko kideak adierazi duenez, gazteak jakitun dira sare sozialak egoki erabili behar dituztela, baina zalantzak dituzte, esaterako, horien pribatutasun baldintzen inguruan. Beraz, sarean modu seguruan nabiga dezaten zer pauta jarraitu behar duten azalduko diete nerabeei, eta arazoen aurrean zer estrategia erabili ere irakatsiko diete.

Azken bi saioak irekiak izango dira, eta nerabeek, gazteek eta gurasoek parte hartu ahal izango dute horietan. Mugikorren gehiegizko erabileraren prebentzio eta kontrola izango da azaroaren 12an eskainiko dutena; azaroaren 19an, berriz, norberaren eta etxeko zibersegurtasunaren inguruko hitzaldia izango da, eta azaroak ekiditeko prebentzio neurriak azalduko dituzte han.

Antolatzaileen arabera, sarean "nondik nora gabiltzan garbiago ikusteko" balio izango dute hitzaldiek eta formazio saioek. Egitasmoak duen "interesa" dela eta, herritar guztiak gonbidatu dituzte horietan parte hartzera.

Egitaraua:

  • Urriak 18, ostirala: Mugikor eta bideojokoen neurriko erabilera belaunaldien arteko eztabaida tailerra. 17:30ean, Artxamendi topalekuan.
  • Urriak 25, ostirala: Sareen barnean tailer praktikoa. 17:30ean, Abarketatxo ludoteka.
  • Azaroak 12, asteartea: Mugikorren gehigizko erabileraren prebentzio eta kontrola hitzaldia, 17:30ean, Elkarguneko Oteiza aretoan.
  • Azaroak 19, asteartea: Zibersegurtasuna etxean eta zibersegurtasun pertsonala hitzaldia. 17:30ean, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide