Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu dute Azkoitian

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 15a, 15:06
Urkome sarien VI. edizioaren aurkezpena.

Landa eremuan ekimen eta jarduera berritzaileak sustatzeko Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu dute gaur, asteartea, Azkoitian. Sariketak sei atal izango ditu eta atal bakoitzean 2.000 euro banatuko dituzte. Aurten, gainera, atal berri bat izango da; landa eremuko emakume ekintzailea saria. Urola Kostan garatzen ari den edo garatuko diren proiektuak aurkeztu beharko dira lehiaketara, eta urriaren 21etik azaroaren 21era izango da horretarako aukera.

Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu dute gaur, asteartea, Azkoitian. Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen nahiz jarduera berritzaileak sustatzeko ematen diren sariak dira horiek, bi urtetik behin antolatzen dira eta sariketaren helburu nagusia da landa eremuko ekintzailetasuna areagotzea eta eremu horretan sortzen diren proiektuak ezagutaraztea eta bultzatzea. Aurkezpenean izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko zuzendaria, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Iñaki Ostolaza eta Nekane Arrizabalaga Urkomeko ordezkariak eta Miguel Lozano Hazi Fundazioko teknikaria.

2019 eta 2020 urteetan Urola Kostan garatzen ari diren edo amaituko diren proiektuak nahiz ideiak aurkeztu ahal izango dituzte sariketara lehiakideek. Erakundeek, elkarteek, norbanakoek eta sektoreko enpresek parte hartu ahalko dute sariketan, eta urriaren 21etik azaroaren 21era arte izango da zabalik lanak aurkezteko epea. Urkomeren bulegoan aurkeztu beharko dir proiektuak; batetik, norberaren datuak aurkeztu beharko dira; eta bestetik, proiektuaren informazioa. Honako lotura honetan ikus daiteke proiektua aurkezteko eredua.

Seigarren edizioko sarien artean berrikuntza bat izango da. Izan ere, lehen aldiz landa eremuko emakume ekintzailearen saria emango dute. Gainontzeko bost sariak, honako hauek izango dira: nekazaritza jardueraren sustapena, landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena, landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea, landa eremuko balioaniztasuna agerian jartzea eta Iraurgi Berritzenek zein Urola Kostako Udal Elkarteak emango duten saria. Antolatzaileek atal bakoitzean 2.000 euroko saria banatzea aurreikusten dute. Horrez gain, partaidetza areagotzeko xedearekin, boto bidez emango den saria ere izango da aurten. Proiektuak aurkezteko 300 karaktere dituen laburpena aurkeztu beharko dute parte-hartzaileek. Azaroaren 29tik sarien banaketako egunera bitartean –abenduak 5– izango da poriektu horiei botoa emateko aukera Urkomeren webgunean. Sariaren irabazleak eskualdeko produktu sorta bat eskuratuko du.

Sariketaren epaimahaia honako erakunde hauek osatuko dute: Eusko Jaurlaritza, Iraurgi Berritzen, Hazi Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Urola Kostako Udal Elkartea eta Urkomeko Zuzendaritza Batzordea. Epaimahai horrek atal bakoitzerako saria nola banatu erabakitzeko eskumena izango du, eta sariak eman gabe ere utz ditzazke proiektu egokirik ez dagoela uste badu. Urkomeren webgunean argitaratuko dituzte sarituen izenak, eta sari banaketa ekitaldia Zarautzen, Urola Kostako Udalen Elkartean, izango da abenduaren 5ean. Proiektuak baloratzerakoan ideia eta proiektu berritzaileak hartuko dituzte aintzat epaimahaiko kideek. Horrez gain, biderragarritasun ekonomikoa landuta duten lanak, enplegua sustatzen dutenak, berdintasuna aurreikusten dutenak nahiz ideiak gazteenak izatea ere baloratuko dute.

Landa eremuaren pizgarri

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Iraurgi Berritzeneko presidenteak azaldu duenez, Urkome sariak urtez urte "indarra hartzen" ari dira, eta berrikuntzaren eta ekintzailetasunaren garrantzia azpimarratu du hark. Zubizarretak landa eremutik bizitzeko dauden "zailtasunak" izan ditu hizpide aurkezpenean, baina sariketak "bestelako aurpegi bat" erakusten duela azaldu du. Nekane Arrizabalaga Urkomeko ordezkariak landa eremuko emakumeak izan ditu gogoan agerraldian, gaur, hilak 15, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko eguna baita. Iñaki Ostolazak sariketan parte hartzen duten eragileak eskertu ditu, eta herritarrak sariketan parte hartzera animatu ditu. Hazi Fundazioko teknikari Miguel Lozanok, berriz, halako sariketek "landa eremuan eta ekintzailetasunean duten garrantzia" azpimarratu du, eta jendeak landa eremua "aukera moduan" ikus dezan balio duela ere nabarmendu du.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide