Trikigiro, batu eta zabaltzeko

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 15a, 10:39
Trikigiro jaialdiaren iazko irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Trikiti zaleen komunitatea saretzeko asmoz ospatuko dute bosgarrenez Trikigiro jaialdia. Egitasmoa Urola Erdira zabaltzeko, hitzaldiak izango dira Azkoitian eta Zestoan. 

Urriarekin batera, eskualdeko trikitilariek urteroko hitzordua izango dute datorren ostiralean Azpeitian, Trikigiro jaialdiak herriko txokoak girotuko baititu bosgarren urtez jarraian. Ohiko ekitaldiez gain, antolatzaileek aurtengoan Azpeititik Urola Erdira zabaldu nahi izan dute egitasmoa, eta Azkoitian eta Zestoan eskainiko dituzten hitzaldi sortarekin eta Errautsak hauspotzen proiektuaren aurkezpenarekin uztartuko dituzte ekintzak.

Trikigiro kultur elkarteak eta Kulturaz kooperatibak sustatuta, Urola Erdiko trikitiaren fenomenoa aztertuko duen Errautsak hauspotzen proiektua ari dira garatzen azken hilabeteetan, eta jaialdiaren barruan, egitasmoa aurkeztuko dute bihar eta etzi, Zestoan eta Azkoitian. Joan zen mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan bi herri horietan trikitiak izan zuen eragina plazaratuko dute solasaldien bidez, eta bide horretan sustatzaileek orain arte bildu dituzten datuak ere plazaratuko dituzte hitzaldietan: "Proiektuaren barruan argitaratuko dugun liburuko datuen bilketa lana aurkeztuko dugu, eta hitzaldia aprobetxatuko dugu egon daitezkeen hutsuneak identifikatzeko eta ekarpenak jasotzeko, ondoren, lana garatzen jarrai dezagun", adierazi du egitasmoaren antolatzaile den Trikigiro kultur elkarteko kide Haritz Garmendiak.

Ostirala, festa egun handia

2015az geroztik, eskualdeko trikiti zaleen komunitatea saretzeko zein haren transmisioa bermatzeko asmoz antolatu ohi dute Azpeitian Trikigiro jaialdia, eta aurten ere ez dute hutsik egingo kalejirek eta erromeriek. Ostiralean, ehundik gora lagun elkartuko dira, eta trikitilari gazteek zabalduko dute jaialdia. Herrian kalejiran ibili ostean, afaritarako elkartuko dira Sanagustin kulturgunean, eta edonork izango du hara joateko aukera. Horretarako, txartelak salgai daude 15 eurotan Sanagustinen edo 943-10 52 20 telefono zenbakian.

Sabela betetakoan, berriz, honako trikitilari eta talde hauek igoko dira kulturguneko oholtzara: Julen Rueda, Julen Labaka, Haritz Garmendia, Manex Torrealdai, Ekiñe Uzkudun, Mendaroko trikitilariak, Garixe, Arbeo, Attola, Maltzeta, Txino, Izaro Oleaga, Araitz Etxaniz, Jurgi Iturarte, Garazi Larrañaga, Elortxa eta Aizpurutxo Anaiak, Lanberri, Maria Lasa, Naiara Urresti, Garazi Otaegi, Lidia eta Itzeder.

Kanpaina, "bide onean"

Errautsak hauspotzen proiektuari esker hainbat dokumentu historiko berreskuratzea lortu dute eta 40 elkarrizketa inguru egin dituzte, tartean Iñaki Garmendia Lajak hil aurretik emandako azkena. Horrez gain, 160 trikitilari inguru identifikatu dituzte, eta galtzera bidean zihoazen 50 erromeriren informazioa ere bildu dute. Proiektuak argia ikus dezan, ordea, herritarrek zein erakundeek diruz laguntzeko kanpaina abian dute joan zen hilaz geroztik Goteo crowdfunding plataforman. Garmendiaren esanetan, "bide onean" doa finantzazio kolektiboa, lehen fasean lortu beharreko 11.360 euroetatik 10.400 euro bildu baitituzte dagoeneko. Hamalau egun falta dira diru bilketaren lehen fasea amaitzeko.

EGITARAUA

Bihar, asteazkena
19:00. Zestoako trikitixa 1960-70eko hamarkadan hitzaldia eta Errautsak hauspotzen proiektuaren aurkezpena, Portale kulturgunean.

Etzi, osteguna
19:00. Azkoitiko trikitixa 1960-70eko hamarkadan hitzaldia eta Errautsak hauspotzen proiektuaren aurkezpena, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Urriak 18, ostirala
19:00. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean elkartzea eta trikitilari gazteen saioa.
20:00. Kalejira irekia kaleetan zehar.
21:00. Afaria, Sanagustin kulturgunean.
23:00. Erromeria, Sanagustin kulturgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide