Adin adin egitasmoak Azkoitian egingo du lehen geldialdia

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 15a, 09:36
Bertsolariak egoiliarren aurrean.

Bertsoa ardatz eta adineko pertsonen gaitasuna sustatzea helburu dutela, Adin-adin bertso saioak Gipuzkoako 16 egoitzetara iritsiko dira aurten. Lehen saioa Azkoitiko San Jose egoitzan izango da gaur, asteartea, 17:00etan, Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso bertsolariekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk bosgarren urtez jarraian antolatu dute Adin adin egitasmoa. Programa horren bidez, bertsolariak adinekoen egoitzetara joaten dira bertso saioak eskaintzera. Saio horien helburu nagusia da bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea, egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetuz.

Aurten iaz baino bi saio gehiago egingo dituzte  —hamasei—, eta lehena gaur, asteartea, San Jose egoitzan egingo dute, 17:00etan. Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra eta Sebastian Lizaso arituko dira bertsotan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide