Joanes Balentziagak Uztaidun Errekortarien Espainiako Txapelketa irabazi du

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 13a, 16:33
Balentziaga (argazkian, erdikoa) eta Lizarralde, sari banaketan.

Billabonako Ander Lizarralderekin bikotea osatuta lortu du garaipena azkoitiarrak, Zaragozan (Aragoi, Espainia) jokatutako finalean.

Joanes Balentziaga azkoitiarrak eta Ander Lizarralde billabonarrak Uztaidun Errekortarien Espainiako Txapelketa irabazi dute gaur Zaragozan (Aragoi, Espainia). Txapelketaren ligako fasea sailkapenaren laugarren postuan bukatu zuten gipuzkoarrek. Gaurko finalean, berriz, ligako 11 bikote onenak lehiatu dira. 11 bikote horietatik hiru iritsi dira finalaren barruko final nagusira. Horien artean sartu dira Balentziaga eta Lizarralde, eta sari nagusia poltsikoratu dute, azkenean.

Finalaren kanporaketa fasean Paleta behiari zazpi uztai zintzilikatu ondoren, final nagusian hiru uztai jarri dizkiote Suntana behiari, txapeldunorde izan den bikoteak baino uztai bat gehiago, alegia; finalera iritsi den beste bikoteak ez du behiaren adarretan uztairik jartzerik lortu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide