Inklusibitatean sentsibilizatzen jarraitzeko, Ttipi Ttapa elkarteak 12.000 euro eman dizkio Marea Urdinari

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 11a, 10:36

Joan zen irailaren 28an egin zuten III. Lasterketa Solidario Inklusiboaren emaitzak plazaratu zituen Ttipi Ttapa elkarteak atzo, eta helburuak "ondo" bete dituztela azpimarratu zuten. Guztira, 1.350 haur eta helduk eman zuten izena lasterketan, eta orain arteko diru kopururik altuena eskuratu dute aurtengoan.

Ttipi Ttapak joan zen hilaren 28an antolatu zuen Lasterketa Solidario Inklusiboaren emaitzak plazaratu zituen elkarteak atzo, osteguna, Marea Urdinako kideekin batera eskaini zuen agerraldian. Izan ere, aurtengo egitasmoan lortutako dirua pertsonen inklusioaren bidean lan egiten duen elkarteari eman diote Ttipi Ttapakoek, eta horretarako ere baliatu zuten atzoko saioa; "aurreikuspen guztiak gaindituta", 12.000 euro jaso ditu Marea Urdinak.

Antolatzaileen esanetan, bi urtean behin egiten duten lasterketaren helburua da kirola eginez "egun ederra" pasatzea, eta hilaren 28an hori lortu zutelakoan dira. Aurtengoan, Ttipi Ttapak inklusibitatea jarri du erdigunean, aniztasun funtzionala duten pertsonen egunerokotasuna errazteko nahian. Aurreko edizioetan 1.100 haur eta heldu inguruk parte hartu zuten, eta aurten kopuru hori mantentzea zen antolatzaileen asmoa. Mantentu ez ezik, gainditu ere egin dute, ordea: guztira, 1.350 lagunek eman dute izena aurtengoan, horietatik 250 umek eta 1.100 inguru helduk. Beste urte batez, emakumezkoak izan dira lasterketan parte hartu duten gehienak, eta parte hartzaileen %87 azkoitiarrak izan dira. Adin tarteei dagokienez, batez ere 35-50 urte bitartekoak izan dira han parte hartu dutenak.

Lortutako diruari dagokionez, dortsalen salmentatik ateratakoaz gain, beste hainbat bidetatik ere jaso dute. "Udalak 5.300 euro eman dizkigu; dendariek eta tabernariek 1.800 euro eta 39 sari; herriko enpresei ere zabaldu genien ekarpen ekonomikoa egiteko gonbidapena, eta haien aldetik 1.300 euro batu ditugu". Ttipi Ttapak esker oneko hitzak izan zituen denentzat atzokoan, horiek guztiek erakutsi duten "eskuzabaltasunarengatik".

Emaitzak esku artean, helburuak "ondo" bete dituztela azpimarratu zuten antolatzaileek agerraldian, eta aurten lortutakoarekin "oso pozik" agertu ziren. Gainera, orain arteko kopururik altuena da aurten bildu dutena: 2015ean, Katxalin bularreko minbizi eta minbizi ginekologikoak eragindako Gipuzkoako emakumeen elkarteari 9.500 euro eman zizkioten, eta bi urte geroago, Aspanogik 11.500 euro jaso zituen.

Egun "hunkigarria"

Marea Urdinako kideak hunkituta agertu ziren atzoko agerraldian, eta azpimarratu zuten irailaren 28a "egun pozgarria eta berezia" izan zela beraientzat. "Zailtasunak dituzten gure haurrek eta helduek besteekin lasterketan parte hartzen ikusi genituen. Egun solidarioa izan zen, baita zirraragarria ere". Marea Urdinak Torre Zurin ireki zuen erakusketara ere "jende asko" hurbildu zela adierazi zuen Inma Urteaga elkarteko kideak. "Gure helburu nagusia da aniztasun funtzionala duten herritarrei ikusgarritasuna ematea, eta zuei esker, erabat bete zen asmo hori", esan zien hark antolatzaileei.

Jasotako dirua sentsiblizazioan sakontzera bideratuko dutela azpimarratu zuen Marea Urdinako kideak, eta aniztasun funtzionala dutenek besteen baliabide berberak izan ditzaten, lanean jarraituko dutela berretsi zuen. "Aniztasun funtzionala dutenek, herritik irten gabe, besteek bezalako bizimodua izan dezaten nahi dugu". Horrez gain, "edozein behar" dituzten pertsonek elkarteko ateak zabalik dituztela azpimarratu zuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide