Alize Mendizabalen eta Andra Mari abesbatzaren kontzertua izango da zapatuan parrokian

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 11a, 09:00
Alize Mendizabal organo-jotzailea.

Zapatuan, hilak 12, Alize Mendizabal organo-jotzaileak eta Andra Mari abesbatzak kontzertua eskainiko dute parrokian, 20:00etan hasita. Organo Erromantikoaren Nazioarteko XX. Zikloaren barruan emango dute kontzertua eta sarrera doakoa izango da. 

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XX. Zikloa hasi zen joan den asteburuan, eta zapatuan, hilak 12, Azkoitiko bigarren emanaldia izango da parrokian, 20:00etan hasita. Alize Mendizabal organo-jotzailea eta Andra Mari abesbatza igoko dira agertokira, eta sarrera doakoa izango da. Andoni Sierraren batutapean Maurice Duruflé konpositore eta organo-jotzailearen Réquiem Opus 9 obra interpretatuko dute Mendizabalek eta abesbatzako kideek.

Alize Mendizabal Donostian (Gipuzkoa) jaio zen, eta bere musika ibilbidean zehar hainbat herrialdetan eman ditu kontzertuak. Andra Mari abesbatza, berriz, Jose Luis Ansorenak sortu zuen 1966. urtean, eta bertako kideek ere, Europan ez ezik, nazioartean hainbat kontzertu eskaini dute abesbatza sortu zenetik hona. 

Zikloaren barruan Azkoitian izango den hirugarren eta azken kontzertua datorren astean, hilak 19, izango da, Bernhard Marx organo-jotzaileak eskaniko du, 20:00etan hasita. Azkoitian ez ezik, Azpeitian eta Bergaran ere hainbat kontzertu izango dira asteotan. Honako lotura honetan ikus daiteke kontzertu guztien egitaraua eta ordutegia.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide