Eman daiteke izena Azkoitiko XV. Herri Lasterketarako

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 10a, 09:40

Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta, azaroaren 23an jokatuko dute hamar kilometroko proba. Korrikalariek Elkargunean edo Internetez eman dezakete aurrez izena, hamar euroan; probaren egunean izena ematen dutenek hamabost euro ordaindu beharko dituzte.

Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak Azkoitiko Herri Lasterketa antolatu du hamabosgarren urtez, Jokin Ormaetxea txirrindulari elkartearen eta Azkoitri triatloi taldearen laguntzarekin. Aurten, korrikalariak azaroaren 23an elkartuko dira herrian zehar jokatzen duten lasterketarako, eta ohi bezala, parte hartzaileek hamar kilometroko ibilbidea osatu beharko dute 16:30etik aurrera.

Antolatzaileek dagoeneko zabaldu dute probarako izen emate epea, eta bi modutara egin daiteke: Zubiaurre Elkargunera joanda edo herrikrosa.eus webgunean sartuta. Azaroaren 22ra arteko epea izango dute aurrez izena eman nahi duten korrikalariek, eta horiek hamar euro ordaindu beharko dute. Lasterketaren egunean bertan ere izango da inskribatzeko aukera, baina egun horretan, hamabost eurotan izango dute izen ematea. Proba hasi baino ordu erdi lehenago itxiko dute horretarako epea, eta beraz, korrikalariek 14:30etik 16:00etara bitartean eman ahal izango dute izena azaroaren 23an.

Aurrez izena ematen duen parte hartzaileak probaren bezperan, hilaren 22an, ziurtatu beharko du beren izena-abizenak parte-hartzaileen zerrendan azaltzen direla . Ordainketa ere bezperan egin beharko du, eta zerrenda horretan ordain agiria ere badagoela baieztatu beharko du. Antolatzaileek adierazi dutenez, korrikalaria ordaindu gabe dagoela agertzen bada zerrendan, hark probaren egunean aurkeztu beharko du agiria; hala izan ezean, 15 euro ordaindu beharko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide