Udalak kontratazio guztiak lizitazio elektroniko bidez egingo ditu aurrerantzean

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 9a, 15:43

Proposamen ekonomikoen gutun-azalen irekiera publikoa izango da beti, eta kontratazio mahaiak grabatu egingo du une hori. Izapideak "modernizatzeko eta arintzeko" eta "gardentasuna bermatzeko" asmoz ezarri du sistema Udalak.

Udalak jakinarazi duenez, kontratazio guztiak lizitazio elektroniko bidez egingo ditu aurrerantzean, legeak kontratazioak modu horretara egin behar direla agintzen duelako eta Udalak kontratazioetarako sistema hori martxan jarri duelako. Hori hala izanik, proposamen ekonomikoen gutun-azalen irekiera publikoa izango da beti, eta gainera, grabatu egingo dute. Ordea, azpimarratu dute esleipen prozesuen beste zenbait fasetan ez dituztela neurri horiek ezarriko.

Gaur bertan grabatu du kontratazio mahaiak aurrenekoz gutun-azalen irekiera unea; Udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoarentzat izango den ibilgailu elektronikoaren esleipenari zegokion irekiera grabatu dute, eta proposamenak aurkeztu dituzten enpresek zuzenean ikusi ahal izan dute kontratazio mahaia egiten ari zena. "Hemendik aurrera ohikoa izango da hau", berretsi dute. Sistema horren helburua izapideak "modernizatzea eta arintzea" eta "gardentasuna bermatzea" dela azpimarratu du erakundeak, eta "balio erantsia" duen zerbitzua dela uste du, hura ezartzeak "barne-lan handia" eskatu duen arren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide