Herriko merkataritza sustatzeko erosketa bonuak jarriko dituzte salgai

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 8a, 12:57

Bonu horiek, 20 euro ordainduta erosi ahal izango dira eta saltokietan erabiltzerakoan 30 euroko balioa izango dute, eta urriaren 15ean, asteartea, udaletxeko Harrera Bulegoan salduko dira, 08:00etatik 15:00etara eta 17:00etik 19:00etara. 500 ale jarriko dira guztira salgai, eta ondorioz pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez. Bonuak herriko edozein saltokitan erabili ahal izango dira.

Azkoitiko Udalak eta merkatariek herriko saltokietan erosketak egitera animatu nahi dituzte herritarrak. Horretarako, erosketa bonuak jarriko dituzte salgai. Bonu horiek, 20 euro ordainduta erosi ahal izango dira eta saltokietan erabiltzerakoan 30 euroko balioa izango dute.

Urriaren 15ean, asteartea, udaletxeko Harrera Bulegoan salduko dira bonuak, 08:00etatik 15:00etara eta 17:00etik 19:00etara. 500 ale jarriko dira guztira salgai, eta ondorioz pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez. Bonuak agortutakoan itxiko da, agortzen ez badira, hurrengo egunean, goizez, eskuratu ahalko dira berriro. Bonuak 18 urtetik gorako edonork eros ditzake, eta NAN dokumentua aurkeztu beharko da.

Bonuak herriko edozein saltokitan erabili ahal izango dira; tabernak, jatetxeak, zerbitzu saltokiak... “Azkoitian, gutxi gorabehera, 140 establezimendu daude eta bonuak guztietan erabili ahal izango dira. Hori bai, bonuak erabiltzeko hilabeteko epea jarri dugu, eta ondoren, saltoki eta merkatariek trukatutako bonuak itzuliko dituzte. Modu horretan, herritarrek non gastatzen duten azterketa egiteko erabiliko dugu”, agertu du Ana Azkoitia Ogasun batzordeburuak.

Herrixen elkarteak merkataritza bizirik mantentzeko herritarrek duten garrantzia azpimarratu du. “Azkoitiko merkatari txikien egoera ez da ona, eta horregatik sentsibilizazio kanpaina moduan erabili nahi dugu ekimena. Gaur egun, internet bidez edota saltoki handietan egiten dira erosketa gehienak. Ohitura horiek aldatu behar ditugu, eta herriko dendei aukera eman”, agertu du Sara Rodriguez Herrixen elkarteko teknikariak.

Merkataritzarentzat laguntza gehiago aztertzen

Azkoitiko Udalak merkataritza dinamizatzeko hainbat egitasmo du. Horien artean, Alde Zaharrean hutsik dauden lokaletan negozioa jartzeagatik ematen dituen dirulaguntzak kokatzen dira. 2016tik ematen da laguntza, eta iaz arte, hamabi establezimenduk jaso dute laguntza. Horietatik bik ezik, negozioarekin jarraitzen dute. “2019an, ordea, ez da negozio berririk sortu eta ez da aurreikusten. Dirulaguntza hauek Alde Zaharrera mugatuta daude eta horregatik, laguntza horiek herriko beste eremuetara zabaltzea aztertzen ari gara”, gaineratu du Azkoitiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide