Mapa Morea osatzeko bihar egingo dute lehenengo bilera herritarrekin

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 7a, 11:22

Genero ikuspegia oinarri izanda, herriaren diagnostikoa egingo dute, eta horretarako herritarren ekarpenak jasotzen hasiko dira bihar, Elkargunean.

Azkoitiko Mapa Morea osatzeko prozesua abian du Udalak, eta bihar, asteartea, aurreneko bilera egingo du herritarrekin. Egitasmoaren helburua da genero ikuspegia oinarri hartuta Azkoitiaren diagnostikoa egitea, eta horretarako, herriko segurtasuna, irisgarritasuna, mugikortasuna, denboraren kontziliazioa, ongizatea eta beste hainbat alderdi landuko dituzte. Hain zuzen ere, biharko batzarrean herritarren ekarpenak jasotzen hasiko dira, eta gaian interesa duen edonor gonbidatu du Udalak han parte hartzera. 19:00etan izango da saioa, Elkargunean.

Mapa Morea osatzeko parte hartze prozesuaren barruan, hainbat lan saio egingo dute herritarrekin eta eragileekin; udal teknikariak eta zinegotziak ere ari dira parte hartzen egitasmoan, eta horiek dagoeneko bi aldiz elkartu dira. Herritarrekin beste hiru saio egingo dituzte abendura bitartean, eta Patxi Galarraga arkitektoak zuzenduko ditu guztiak.

 

 

 

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide