Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalean izango da Julen Alberdi 'Txikia'

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 6a, 13:07
Julen Alberdi 'Txikia' atzoko saioan. (Ibon Errazu Uria)

Alberdik 20 minutu eta 8 segundo behar izan zituen 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebakitzeko, eta denbora horri esker, hirugarren sailkatu zen. Lehen postuan Iker Vicente sailkatu zen, eta Mikel Larrañaga bigarren. Txikiak Larrañagak baino minutu eta erdi pasatxo gehiago behar izan zituen lanak bukatzeko. Gasteizen izango da finala, eta sei aizkolari ariko dira nor baino nor.

Julen Alberdi Txikia Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalean izango da, atzo Gasteizen jokatutako finalerdietako saioan lortu baitzuen finalerako txartela. 11 aizkolari aritu ziren nor baino nor lehian, eta lanak azkarren bukatu zituzten sei aizkolariak izango dira finalean. Lan txukuna egin zuen atzokoan Txikiak; izan ere, 20 minutu eta 8 segundo behar izan zituen 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebakitzeko. Denbora horrekin, hirugarren sailkatu zen; lehen sailkatuak, Iker Vicentek, ia bi minutu lehenago bukatu zituen lanak (18:11)

Atzoko finalerdiak sorpresak ere utzi zituen: bost urtez jarraian txapelketa irabazi duen Aitzol Atutxa dimoztar aizkolaria bederatzigarren postuan (22: 02) sailkatu zen, eta beraz, ez da aurtengo finalean izango. Atzoko saioan egindako lanak tarteko, Vicentez, Larrañagaz eta Txikiaz gain, finalean izango dira Eneko Otaño, Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo. Sei kirolari horiek izango dira datorren urriaren 27an Gasteizen jokatuko duten finalean. 12:00etan hasiko da lehia, Gasteizko Iradier Arenan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide