Unai Izagirre Gipuzkoako Bertsolari Txapelketatik kanpo gelditu da

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 6a, 11:55
Unai Izagirre, ezkerrean, atzoko saioan. (GBE)

Atzo abestu zuen Lasarte-Oriako final zortzirenetako saioan. Ez zuen arratsalde onena izan, eta ez zituen hurrengo fasera sailkatzeko behar adina puntu eskuratu. Bertsolari azkoitiarrik ez da izango lehian txapelketaren hurrengo fasean, baina azken final-laurdena Azkoitian izango da.

Atzo jokatu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final zortzirenetako saioa Lasarte-Orian, eta bertan abestu zuten Unai Izagirre azkoitiarrak, Oier Aizpuruarekin, Aitor Salegirekin, Mikel Artolarekin, Eneko Araiztegirekin eta Iñaki Zelaiarekin batera. Azkoitiarrak ez zuen, baina, arratsalderik onena izan, eta ez zituen txapelketako final-laurdenetara sailkatzeko behar adina puntu eskuratu.

Saioa Mikel Artolak irabazi zuen 429 punturekin, eta haren atzetik sailkatu zen Iñaki Zelaia 412,5 puntu jasota. Hirugarren egin zuen Oier Aizpuruak (401), laugarren Unai Izagirrek (397,5) eta bosgarren Aitor Salegik (390). Seigarren, berriz, Eneko Araiztegi sailkatu zen (389,5). Hurrengo fasera sailkatzeko langa 416,5 puntutan gelditu da; Ane Zuazubiskar izan da zerrenda itxi duen bertsolaria.

Azkoitiko bertsolaririk ez da ariko txapelketaren hurrengo fasean lehian, baina final-laurdenetako azken saioa Azkoitian izango da azaroaren 2an. Baztartxo antzokiko agertokian izango dira Ander Lizarralde, Ane Labaka, Ane Zuazubiskar, Beñat Gaztelumendi, Maialen Akizu eta Mikel Artola. Saio horretarako sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide