Elkarguneko futbol zelai berriaren lanak esleituko ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 4a, 15:00

Zubiaurre-Elkarguneko batzordeak atzo erabaki zuen lanak esleipenera ateratzea, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeen abstentzioekin. Futbol zelaiko irazgaizte eta zelai berriko belar artifiziala jartzeko hornidura eta instalazio lanen aurrekontua 119.201 eurokoa izango da.

Azkoitiko Udalak lizitaziora aterako ditu Elkargunean belar artifizialeko futbol zelai berria egiteko lanak. Zelai berria kanpoko gunean eraikiko dute, egungo saskibaloi pistaren lekuan. Beraz, kanpoko saskibaloi kantxa desagertu egingo dela adierazi dute udaletik: "Barruko kantxan hobekuntzak egin zirenetik, ordea, kanpoko pistaren erabilera nabarmen murriztu delako hartu da erabakia".

Zubiaurre-Elkarguneko batzordeak atzo erabaki zuen lanak esleipenera ateratzea, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeen abstentzioekin. Udalak "futbol instalazioak zabaltzearen beharrei" erantzun nahi die eta horregatik aurreratuko ditu lanak. Izan ere, belar artifizialeko futbol zelai berria igerileku berriaren exekuzio proiektuaren barruan aurreikusten da. Proiektu horren arabera, igerileku berria egungo futbol zelaian kokatu nahi dute, eta futbol zelaia, aldiz, saskibaloi kantxa dagoen tokian.

Udalak Zubiaurre-Elkarguneko igerilekuaren eta aldagela berrien exekuzio proiektuaren erredakzio lana esleipenera atera zuen irailean. Bien bitartean, eta igerilekua handitzeko proiektua egin arte, bi futbol zelai izango dira kanpoko gunean.

Futbol zelaiko irazgaizte eta zelai berriko belar artifiziala jartzeko hornidura eta instalazio lanen aurrekontua 119.201 eurokoa izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide