Lurraldebusek ohiko autobus zerbitzua eskainiko du Azkoititik Kilometroetara joateko

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 3a, 12:34

Igandean ospatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa Zarautzen, eta garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek. Egunean zehar, sei autobus abiatuko dira Zarautzera, eta handik itzultzeko azken autobusa 21:05ean izango dute herritarrek.

Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko festa izango da datorren igandean, hilaren 6an, Zarautzen, eta ohi bezala, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu diete herritarrei. Lurraldebusek adierazi duenez, Azkoitian ohiko autobus zerbitzua eskainiko du egun horretan, eta zuzeneko zerbitzuari dagokionez (Azkoitia-Zarautz), hara bertaratu nahi dutenek honako ordutegi hau izango dute: 09:05, 11:05, 13:05, 15:05, 18:05 eta 20:05ean abiatuko da Zarautzerako autobusa Altzibargo geltokitik, eta bost minutura iritsiko da liburutegi ondoko geltokira. Zarautzen, berriz, autobusak 10:15, 12:05, 14:05, 16:05, 19:05 eta 21:05ean hartuko du Azkoitirako bidea.

Tren zerbitzuari dagokionez, berriz, 15 minutuero egongo dira, bai Donostia-Bilbo noranzkoan, bai Bilbo-Donostia noranzkoan. Zentzu horretan, ohar garrantzitsua eman dute: Bilbo aldetik datozen trenek, herriguneko geltokian bakarrik egingo dute geldialdia, eta berriz Bilbo aldera aterako dira.

Aparkaleku bereziak


Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute Kilometroen egunean hainbat aparkaleku gune egongo dela erabilgarri igandean. Autobus berezientzat, esaterako, Asti futbol zelaioko aparkalekua aukeratu dute.  Aparkaleku horiek betetzen badira, Salberdingo aparkalekura bideratuko dituzte autoak. Azkenik, aparkaleku hori ere betez gero, Abendañon aparkatu beharko dute ibilgailuek.

Oinez ibiltzeko arazoak dituztenentzat aparkalekua San Pelaion egongo da, ibilbidetik oso gertu. Zehazki esateko, Garden izenez ezagutzen den eremuan. Gainera, DYAk lagundu egingo die beharra duten pertsonei Mollarriko gunera iristen, Kilometroen ibilbideko bigarren gunera, hain zuzen.

Kilometroek eragingo diote herri barruko zirkulazioari ere. Aldaketa nabarmenena, egun horretan 08:00etatik 20:00etara itxita egongo dela Nafarroa hiribidea (hau da, errepide nagusia) San Pelaioko biribilgunetik hasi eta parrokia pareraino. Zerbitzu publikoko ibilgailuek bakarrik izango dute.

Jarraipen berezia Hitza-n

Gipuzkoako ikastolen festaren jarraipen berezia egingo dute igandean Urola Kostako Hitza zein Zarauzko Hitza hedabideek, urolakostakohitza.eus eta zarauzkohitza.eus atarietan, hurrenez hurren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide