Iban Garate: "Ikastolako lagunekin elkartzea bezalakoa izan da 'Agur Etxebeste!' egitea"

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 3a, 13:30
Iban Garate, 'Agur Etxebeste!' filmaren une batean. (Agur Etxebeste!)

Aspaldian aktore lanak alboratuta izan baditu ere, "pozik" itzuli da 'Agur Etxebeste!' filmaren grabaketetara Iban Garate (Azkoitia, 1982). Iñaki pertsonaia gorpuztu du pelikulan, etxebestetarren erreinuko kiderik "normalena". Aktorearen jaioterrian emango dute filma asteburuan, eta "ilusioz" dago.

  • Agur Etxebeste! estreinatu berri da Donostiako Zinemaldian, baita inguruko hainbat herritan ere. Zer moduzko harrera ari da izaten filma?

Zinemaldian, Bergaran eta Bilbon aurre estreinaldiak egin genituen, eta leku horietan, behintzat, oso harrera ona izan du filmak. Jendea ondo pasatzeko gogoz joaten da zinemara, eta hori behintzat topatzen du film honetan. 90 minutu irribarrea ahoan pasatzen dituzte ikusleek; algarak ere entzuten direla esaten dute askok, eta ikusi besterik ez dago Twitterren-eta idatzi dituzten iritziak. Horretaz aparte, egunkarietako kritikei dagokienez ere, sentipen onarekin gaude. Geure buruari eta geure gizarteari barre egin nahi diegu pelikula honekin, eta uste dut hori gertatzen ari dela. Inportantea izaten da zinemara joateko eguraldi txar samarra egitea, eta oraindik ez du egin [barreak]. Beraz, asteburu honetan euria egingo balu, denok gustura. Gu pozik gaude jendeak esan digunarekin. Nik uste lehenengo Aupa Etxebeste! harekin dezente paralelismo topatzen dituela jendeak Agur Etxebeste! filmean; garai hartan ondo joan zen, eta orain ere hala joatea espero dugu.

  • Azkoitian emango dute asteburuan. Ilusio berezia egiten al dizu?

Neu kanpoan izango naiz asteburuan, baina joango nintzatekeen bestela. Denoi egiten digu ilusio pixka bat geure lanak etxean aurkezteak. Badakit Azpeitian eta Zarautzen oso harrera ona izan duela filmak. Herrietan-eta badago gose bat... Duela hamalau urte jendeak gosea zuen pelikulak euskaraz ikusteko, eta are gehiago: uste dut sekula inor joan gabe zegoela euskaraz pelikula bat ikustera zinema areto batera, Aupa Etxebeste! egin genuenean. Orduan guztiok harrapatu gintuen ikusteko nahiarekin eta gose horrekin. Orain, hamalau urte pasatu eta gero, asko aldatu da testuingurua, eta euskal zinemagintzak esan dezake pauso handiak eman dituela. Industria bat sortu da, eta erakundeak ere lagun ditugu: ahalegin handia egiten du Eusko Jaurlaritzak, eta EITBk ere euskal zinema promozionatzeko apustu sendoa egiten du. Gainera, jendea oso lagun izan dugu prozesu honetan.

  • Euskal zinema osasuntsu dagoela esango al zenuke?

Askok esaten dute loraldian dagoela, eta agian, hori esatea asko esatea da, gazte samarra delako euskal zinemaren industria. Baina ikusten da kimu batzuk, behintzat, eman dituela, eta horietako batzuk indartsu datozela. Orain gogoan dauzkat Loreak eta Handia filmak, gure mugetatik kanpora ere oso preziatuak izan direnak. Marka bat sortzen ere ari gara. Orain beste arreta eta begi batzuekin ikusten dute euskal zinemagintza kanpoan. Hamalau urtean panorama aldatu egin da zorionez, eta aldatzen ari da oraindik, baina ez nuke esango loraldi batean gaudenik ere. Kimuak datoz, kimu indartsuak; ez dakit nolako zuhaitza loratuko den, agian loratu ere ez da egingo, baina kimuak indartsu datozela, bai.

  • Duela hamalau urte Aupa Etxebeste! filma grabatu zenuten aktore talde bera aritu zarete Agur Etxebeste! grabatzen. Nolakoa izan da haiekin elkartzea?

Ikastolako lagunak berriz ikustea bezala izan da hori. Hamalau urte asko dira, eta batzuetan sentitzen duzu ez dela denborarik pasatu. Nire lehen filma izan zen Aupa Etxebeste!; harrezkero egin ditut beste bost edo sei, baina hura lehena izan zen. Eta zuzendarientzat ere lehen filma izan zen. Denontzat zen nahiko gauza berria, nahiz eta aktoreetako batzuk  ezagunak ziren ordurako; baina berezia izan zen errodaje hura. Ederra da ikustea grabaketa prozesu hartako giroa zein izan zen, eta orain, hamalau urte beranduago, beste bat dela giroa. Hasteko, pertsonaien gaineko azalpen asko eman beharrik ez delako egon, ezagutzen genituelako denok, eta askoz lasaiago geundelako. Eta zuzendariak ere seguruago ikusten nituen, arriskatzeko gogoarekin. Arriskuak hartzea beti da zinemaren mesedetan, eta iruditzen zait Agur Etxebeste!-n horren adibide batzuk badaudela. Paralelismo handiak egin daitezke Aupa Etxebeste!-rekin, baina ezberdinak dira.

  • Iñakiren pertsonaia gorpuztu duzu film honetan. Ba al du Iban Garateren antzik?

Antzik ez dauka. Familia horretan dagoen pertsona normalena da Iñaki. Inguruan oso pertsonaia markatuak dauzka, eta  ikuslearen begia da Iñaki. Etengabe zera esaten du: "Hauek zertan ari dira?". Baina gauza bat egiten du beti: familia estutasunean dagoenean, haren alde egiten du. Eta astakeriarik handiena egin behar bada ere, alde izango du familiak Iñaki. Familiaren sekretua gorde egingo du, eta pertsona arduratsua da, zentzu horretan. Familiaren alde baldin bada, egin egiten du. Zentzu horretan, agian, antz pixka bat izan dezakegu, baina bestela, Iñaki Etxebesteren ingurua eta Ibanen ingurua oso ezberdinak dira. Ez dut uste Patrizio Etxebeste edo Maria Luisa Uranga gure aita eta amarekin konpara daitezkeenik [barreak].

  • Aktore lanak nahiko utzita zenituen aspaldian, ezta?

Bai. Nire azken filma Lasa eta Zabala izan zen, 2014an estreinatua. Momentu honetan nire lehentasuna da ETBn albistegiak egitea; orain dela lauzpabost urte hartu nuen erabaki hori. Nahiz eta proiektu batzuk sortu, ezetz esatea eta lehentasuna albistegiei ematea erabaki nuen. Gero zer pasatu zen? Hamalau urte eta gero, Agur Etxebeste!-ren aukera sortu zela, eta horrelako egoera berezi baten aurrean, ez neukan ezetz esaterik. Izan ere, ez dakit zer zentzu edukiko lukeen bigarren zati honek lantaldeko kide bat faltako balitz. Eta oso pozik nago. Duela hamalau urteko oso oroitzapen onak dauzkat, eta polita izan da denok berriz elkartzea.

  • Zer moduzkoa izan da itzulera?

Nire bizitzaren parte handi bat da aktore lana, baita komunikatzaile lana ere; nagusiki bi gauza horiek egin ditut. Itzulerak beti dira itzulerak, eta zauden lekutik mugitu behar duzu horretarako, baina nik aldaketak aukera moduan ikusten ditut. Norbere ibilbide pertsonala baiezkoekin eta ezezkoekin osatzen da. Askotan, baietz esatea izaten da errazena, baina nik baietz eta ezetz esan izan dut. Hori bai, esan dudana esan dudala, beti konbentzituta hartu ditut erabakiak. Oraingoan baietz esan baldin badut, izan da benetan pentsatzen nuelako lan hori ondo egingo nuela. Aktore lanetara bueltatzeak nire eguneroko erosotasunetik irtetea eskatu dit, baina baietz esan baldin badut, konbentzituta nengoelako egin dut, eta disfrutatzeko helburuarekin.

  • Kazetaria zara lanbidez. Gaur Egun albistegia aurkezten ere aritu zinen lehen, eta egun, Egun on Euskadi saioan ari zara. Gustuko al duzu informazioaren mundua?

Bai, asko erakartzen nau. Denbora pila bat pasatu dut entretenimendua egiten telebistan, eta aldaketa bat izan da informazioa lantzera pasatzea. Telebistan edo zineman, showetan eman dudan irudiak ez dauka zertan nire benetako izaerarekin bat etorri. Entretenimendu asko egin dut, baina horrek ez du esan nahi politikako gaiak landu edo aktualitateari oso lotutako pertsonak elkarrizketatu ezin ditudanik, tonu serio batean. Gustatzen zait informazioa, gustatzen zait aktualitatea, eta saiatzen naiz ikus-entzuleei beste leku askotan aurkituko ez duten informazioa ematen, Euskal Herriko eta mundu zabaleko kontuak kontatzen, eta ikuspuntu guztiak batzen, kritikoki. Zeregin horretan oso pozik aritzen naiz.

  • Aurrera begira, zer proiektu dituzu esku artean? Aktore lanetara itzuliko zara, edo kazetari lanetan jarraituko duzu?

Asko aldatu beharko luke panoramak berriro aktore lanetara itzultzeko. Ez dut esango sekula egingo ez dudanik, ez dakidalako zein izango den nire etorkizuna, eta nire bizitzako parte handi bat delako aktore lana. Momentuz behintzat, informazioari lotuta nago, eta horretan jarraitzea da nire asmoa. Azaroaren 10eko hauteskundeen kanpaina daukat oraintxe mahai gainean, eta ez daukat hortik haratago pentsatzen hasteko denborarik. Ez dut aurreikusten bestelakorik.

  • Egun, Gasteizen bizi zara. Zer harreman duzu Azkoitiarekin?

Gasteizen bizi naiz, baina azkoitiarra naiz. Bi astean behin-edo joaten naiz Azkoitira, eta gurasoekin eta lagunekin egoten saiatzen naiz. Nire bi alabei Azkoitia badela esaten eta erakusten saiatzen naiz, eta oso ondo dakite attitte eta amama nongoak diren, baita aita eta izeko ere. Oso gustura joaten dira alabak Azkoitira. Ni azkoitiarra naiz, eta kito. Ez da sekula galduko Azkoitiarekin dudan harremana.

  • Euskalkiari ere eusten diozu.

Telebistan ez, ezin dudalako, baina bestela bai. Gure alaba zaharrenak –besteak ez du hitz egiten oraindik– badaki bere amak gorria esaten duela eta nik gorrixe esaten dudala. Hainbat hitz badaki Azkoitian era batera esaten direla, eta Gasteizen beste era batera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide