Zapatuan hasiko dira Organo Erromantikoaren XX. Zikloaren barruko Azkoitiko kontzertuak

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 2a, 16:55

Azkoitiko hiru emanaldiak Amabirjinaren Jasokundearen parrokian izango dira, datozen hiru zapatuetan, 20:00etan hasita. Lehen emanaldia Jose Luis Frantzesena organistak, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Parrokiako Abesbatzak eskainiko dute; bigarrena, Alize Mendizabal organo-jotzaileak eta Andra Mari abesbatzak; eta hirugarren Bernhard Marx organistak. Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako udalek nahiz organoaren adiskideen elkarteko kideek antolatzen dute egitasmoa.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren XX. edizioa prest dute dagoeneko Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako udalek eta Fray Joseph de Echevarria organoaren adiskideen elkarteko kideek. Asteburuan hasiko dira emanaldiak, eta hiru astetan organoaz gozatu ahal izango da hiru herri horietan. Izan ere, askotariko emanaldiak prestatu dituzte hiru asteburutarako

Egitasmoa gaur aurkeztu dute Bergaran –urtez urte txandakatuz hiru herrietako batean egiten dute aurkezpena–, eta besteak beste, han izan dira Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotzia eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzailea. Zikloaren sustatzaileek azaldu dutenez, programa betea antolatu dute aurten ere, "denen gustukoa izango dena". Organoari balioa ematea da zikloaren xedea, eta horretarako Euskal Herriko nahiz nazioarteko organo-jotzaile garratzitsuek eskainiko dituzte kontzertuak. Vazquezek azaldu duenez, "arrakastatsua" izaten da zikloa: "Oso arrakastatsua da eskaintzen duen kalitatearekin eta mailarekin, ziklo honek hainbeste urtez iraun izana". Haren aburuz, bi helburu betetzen ditu zikloak: "Batetik, musikaz gozatzeko aukera ematen die herritarrei; eta bestetik, gure musika ondarea babesten du organoa ezagutzera emanda".

Azkoitiko hiru emanaldiak Amabirjinaren Jasokundearen Parrokian izango dira, larunbatetan, 20:00etan hasita. Lehena zapatu honetan izango da, eta Jose Luis Frantzesena organistak, Iraurgi asbebatzak eta Azkoitiko Parrokiako Abesbatzak eskainiko dute. Bigarrena, urriaren 12an eskainiko dute Alize Mendizabal organo-jotzaileak eta Andra Mari abesbatzak. Hirugarren eta azken kontzertua urriaren 19an izango da, eta Bernhard Marx organo-jotzailea izango da saioaren protagonista.

Azpeitiko kontzertuak Loiolako Santutegian izango dira igandeetan, 20:00etatik aurrera. Bergarakoak, berriz, San Pedro Parrokian izango dira zapatuetan, 19:00etan.

Organo Erromantikoaren XX. Zikloaren egitaraua

Azkoitia

Urriak 5, zapatua. 20:00etan, Jose Luis Frantzesena organista, Iraurgi abesbatza eta Azkoitiko parrokiako abesbatza.

Urriak 12, zapatua. 20:00etan, Alize Mendizabal organista eta Andra Mari abesbatza.

Urriak 19, zapatua. 20:00etan, Bernhard Marx organista.

 

Azpeitia

Urriak 6, igandea. 20:00etan, Willibald Guggenmos organista.

Urriak 13, igandea. 20:00etan, Ignacio Arakistain organista eta Peio Irigoien txistularia.

Urriak 20, igandea. 20:00etan, Oscar Candedo organista eta Easo Araoz Gazte abesbatza.

 

Bergara

Urriak 5, zapatua. 19:00etan, Jose Antonio Pascual organista, Eskola Gurutziaga abesbatza eta Donostiako musika eskolako abesbatza.

Urriak 19, zapatua. 19:00etan, Oscar Candedo organista eta Easo Araoz gazte abesbatza.

Urriak 26, zapatua. 19:00etan, organo ikasleen kontzertua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide