'Lo mejor de Yllana' antzezlan mutua eskainiko dute ostiralean, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 1a, 09:36

Yllana konpainiak bere ibilbideko "esketxik onenak" bildu ditu ikuskizuna sortzeko, eta keinuen bidez, "umorea, sormena eta irudimena" uztartuko ditu. 21:30ean hasiko da emanaldia.

Yllana konpainiak Lo mejor de Yllana ikuskizuna aurkeztuko du datorren ostiralean, hilaren 4an, Baztartxo antzokian. Antzezlan mutua da Madrileko taldeak taularatuko duena, eta keinuen bidez, "umorea, sormena, irudimena eta talentua" uztartuko dituzte artistek Azkoitian: "Hitzik egin gabe, publikoa barre-algaraka jarriko dugu", adierazi du konpainiak.

Taldeak keinuen bidezko apustua egin du duela ia hiru hamarkada sortu zenetik, eta bidean hainbat sari jaso du. Bere ibilbideko "esketxik onenak" onenak bildu dituzte Lo mejor de Yllana antzezlana sortzeko, eta hala definitu dute lana: "Sormen handiko buru askoren ekarpenen batuketa da ikuskizun hau".

Udalak 19:30ean programatu ohi ditu antzerki emanaldiak, baina ostiralekoa 21:30ean hasiko da, konpainiaren agenda arrazoiak medio. Sarrerak Baztartxoko leihatilan salduko dituzte 20:30etik aurrera, zortzi eurotan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide