Azkoitian "legez kanpoko hiru zabortegi" daudela salatu du Eguzkik

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 30a, 17:44
Zaborrak, Juin Txiki ondoko saihesbidearen zubipean.

Juin Txiki industrialdearen gainetik igarotzen den saihesbidearen zubipea, industrialde hori eta Ugarte kalea "askorentzat zabortegi" bilakatu dela adierazi du Eguzkik, eta haren larritasunaz ohartarazi du talde ekologistak.

Azkoitian "legez kanpoko hiru zabortegi" identifikatu ditu azken asteetan Eguzki talde ekologistak. Taldeak adierazi duenez, Urola ibaiaren ertzean edota ibaian bertan kokatzen dira hiru zabortegiak: Juin Txiki industrialdearen gainetik igarotzen den saihesbidearen zubipean, industrialde horretan bertan eta Ugarte kalean -Lidl supermerkatuko eraikin zaharraren atzealdean-. Erakundeen "kontrolik gabeko zabortegiak" direla eta ibaitik gertu "zabor mordoa" pillatzen dela azpimarratu du Eguzkik. "Benetan larria da gertatzen ari dena", esan dute.

Irudien bidez salatu nahi izan du Eguzkik afera. Hain zuzen ere, argitaratu dituen argazki eta bideoetan ikus daiteke herritarrek askotariko zaborrak uzten dituztela hiru gune horietan; horien artean, elektrogailuak ere jaso dituztela gaineratu dute. "Argi dagoena da batzuentzako zabortegiak bilakatu direla gune horiek". Ugarte kalean, ibaiaren izkinean zeuden zaborrak jaso dituzte ekologistek, arazoa "agerian" jarri nahian. Adierazi dutenez, botatako zabor asko edukiontzietatik "oso-oso gertu" zeuden: "Hondakinak nonahi botatzeko aitzakiarik inoiz ez dago, baina are gutxiago kasu honetan", ohartarazi dute.

Eguzkiko kideek behin baino gehiagotan adierazi dute Juin Txiki industriagunea zein Lidl zaharraren atzeko aldea "puntu beltzak" direla han pilatzen diren zaborrei dagokionez. Joan zen ekainean hango hondakinak jaso eta eliza atarira eraman zituzten ekologistek, herritarrak sentsibilizatzeko asmoz, baina kanpaina amaitu eta hiru hilabetera, Juin Txiki industrialdean egoera lehengora itzuli dela jakinarazi dute: "Malda berriz hondakinez beteta dago. Gehienak plastikoak dira, baina denetik dago, baita garbigailu bat ere".

Egoeraz ohartarazi diete Ur Agentziari eta Udalari, eta aurreratu dute Udalarekin elkartzekoak direla egun batzuk barru: "Udaltzainak Altzibarretik Juin Txikirainoko ibai zatia begiratzen hasiko direla espero dugu. Haien presentziak aldaketa eragingo luke herrian, zaintzaile edo zelatari batzuk egongo liratekeelako arazoa ekiditeko".

Hemen ikus daitezke Eguzkik argitaratu dituen bideoak:

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide