Emakumeak ahalduntzeko hiru ikastaro antolatu ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 30a, 12:52

Urritik abendura bitartean, zoru pelbikoa indartzeko, batukada, eta etxeko konponketen ikastaroak eskainiko ditu. Izena emateko epea zabaldu dute, eta urriaren 7a, astelehena, izango da azken eguna.

Udaleko Berdintasun Sailak emakumeak ahalduntzeko hiru ikastaro antolatu ditu. Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa urriaren 10ean hasiko da, Josune Milan fisioterapeutaren eskutik. Batukada ikastaroa, aldiz, urriaren 21ean hasiko da, eta Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo izango dira irakasleak. Azkenik, etxeko konponketen ikastaroa emango du Izaskun Gurrutxagak, urriaren 22tik aurrera.

Abenduan amaituko diren hiru ikastaroetan izena eman daiteke dagoeneko, eta horretarako azken eguna urriaren 7a, astelehena, izango da. Izen-ematea 18 euro ordaindu beharko da; langabeek, ikasleek eta pentsiodunek, berriz, 12 euro. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek 943 85 71 74 telefonora deituta egin dezakete, berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzita edota Herritarren Arreta Bulegoan.

Berdintasun Saileko zinegotzi den Mertxe Zubillagak adierazi duenez, hiru ikastaroak emakumeen ahalduntzean laguntzen jarraitzeko antolatu dituzte: “Emakumeen ahalduntzean lagundu eta emakumeen partaidetza sustatzea ditugu helburu, hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ikasteko emakumeen topagune bat sortuz. Ahalduntze prozesuak sendotzen jarraitu behar dugu”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide