Dagoeneko 700 lagunek baino gehiagok eman dute izena lasterketa solidarioan

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 27a, 09:15

Ttipi Ttapak antolatuta, hirugarren lasterketa solidarioa egingo dute bihar herrian, eta antolatzaileek 1.000 laguneko langara iristea espero dute aurten ere. Egun osoko festa izango da biharkoa, eta egitasmoan bildutako dirua Marea Urdinari emango diote. Gaur bertan hasiko dira hari lotutako ekintzak, Marea Urdina elkartearen filmaren estreinaldiarekin.

Ttipi Ttapa taldeak antolatuta, lasterketa solidarioa egingo dute bihar herriko kaleetan, eta aurten, egitasmoan bildutako dirua Marea Urdinak jasoko du. Lasterketaren atarian, taldea antolaketa lanetan ari da buru-belarri, eta izena emateko mahaiak ere jartzen ari da egunero herriko plazan; antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko 700 lagunek eman dute izena lasterketarako.

Oraindik inskribatu ez denak gaur arratsaldean ere izango du horretarako aukera, taldea plazan izango baita izenak hartzen. Aurrez, 10 euroan eman daiteke izena, eta egunean bertan ere jarriko dute mahaia Kontzejupean, 10:00etatik aurrera. Orduan, ordea, 15 euro ordaindu beharko da. Horrez gain, www.azkoitia.eus webgunean eta Azkoitiko udaletxean ere eman daiteke izena. Lasterketarako dortsalak, berriz, egunean bertan banatuko dituzte, 10:00etatik 16:00etara artean, Kontzejupean bertan.

18:00etan hasiko da lasterketa, eta han parte hartzen dutenek lau kilometroko ibilbidea osatuko dute korrika edota oinez. Helduen lasterketa hasi aurretik, umeena ere egingo dute aurten; hain zuzen ere, adinaren arabera banatutako umeen hiru lasterketa egingo dituzte guztira: 7 urte arteko haurrek 400 metro egin beharko dituzte korrika; 7 eta 10 urte bitarteko haurrek 800 metro; eta 10 eta 12 urte arteko haurrek, 1.200 metro. Umeen proban parte hartzeko ere aurrez zein egunean bertan eman daiteke izena, hiru eurotan.

Egitasmoaren aurkezpenean esan zuten moduan, antolatzaileen asmoa da aurreko edizioetako parte hartzea mantentzea, eta helburua lortukoa dutelakoan da Ttipi Ttapa. Izan ere, taldeak jakin badaki askok azken egunetan ematen dutela izena, eta beraz, aurtengoan ere 1.000 korrikalarien langara iristea espero dute.

Egun osoko festa

Lasterketa ez ezik, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek aurtengo ediziorako. Berrikuntza moduan, gainera, goizean haurrentzako jolasak izango dira Abarketatxo ludotekaren eskutik. Eguerdi partean, berriz, Urolatarrak txarangarekin kalejira izango da, eta 16:30etik aurrera, DJ animazioa.

Zapatuko lasterketa solidarioari lotuta, gainera, izango da beste ekitaldirik ere datozen orduetan herrian. Izan ere, Marea Urdina elkarteari buruzko filma aurkeztuko dute gaur Baztartxo antzokian, eta asteburu osoan Ezagutu nazazu erakusketa izango da ikusgai Torre Zuri erakustokian.

Gaur, ostirala:

  • 19:00etan, Marea Urdinaren aurkezpena, Baztartxon.

Bihar, zapatua:

  • 10:00etan, dorsal banaketa.
  • 11:00etan, haurrentzako jolasak, Abarketatxo ludotekaren eskutik.
  • 12:00etan, Urolatarrak txarangarekin kalejira.
  • 16:30ean, DJ animazioa.
  • 17:00etan, umeen lasterketa.
  • 18:00etan, helduen lasterketa.
  • 19:00etan, oparien zozketa jaiaren itxiera.

Asteburu osoan zehar, Marea Urdinaren eskutik sentsibilizazio erakusketa izango da Torrezurin.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide