Klima aldaketari aurre hartzeko "politika eraginkorrak" garatzeko konpromisoa hartu du Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 26a, 10:26

Atzo, asteazkena, egindako bilkuran klima aldaketaren aurkako mozioa onartu zuen Udalbatzak. EH Bilduk eraman zuen mozioa udalbatzarrera, baina hari zatikako emendakina aurkeztu zioten EAJk eta PSE-EEk, eta azken hori onartu zuten udal taldeek, koalizioaren abstentzioarekin eta Azkoitia Bairen kontrako botoarekin. Mozioaren bidez, Udalak larrialdi klimatiko egoera aitortu du.

Azkoitiko Udalbatzak iraileko osoko bilkura egin zuen atzo, asteazkena, eta hainbat gairen artean, klima aldaketari aurre hartzeko "konpromiso zehatzak" hartzeko mozioa onartu zuen. EH Bildu koalizioak aurkeztu zuen adierazpena udalbatzarrean, baina EAJk eta PSE-EEk bi emendakin txertatu zituen, eta horrenbestez, azken bi talde horiek proposatutako mozioa onartu zuten, EH Bilduren abstentzioarekin eta Azkoitia Bairen kontrako botoarekin.

Mozioarekin bidez, Udalak larrialdi klimatiko egoera deklaratu du, eta premiazkotzat jo du Udalak zein Eusko Jaurlaritzak neurriak hartzea klima aldaketaren eraginez gizarteak jasango dituen ondorioetara egokitu dadin. Era berean, "politika eraginkorrak" garatzeko konpromisoa hartu du.

Besteak beste, hiru neurri horiek jasotzen zituen EH Bilduk aurkeztutako testuak, eta horiekin ados zeudela azaldu zuten EAJk eta PSE-EEk; ordea, udala klima aldaketaren harira biharko deituta dagoen grebarekin bat egitearekin ez ziren ados agertu bi alderdiak. Honako hau zen EH Bilduk proposatutako puntua: "Azkoitiko Udalak bat egiten du, larrialdi klimatiko egoera dela medio, irailaren 27an deituta dagoen nazioarteko grebarekin, eta herritar guztiak parte hartzera animatu ditu". Horren ordez, honako emendakin hau aurkeztu zuten bi alderdiek: "Azkoitiko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu, larrialdi klimatikoaren aurrean antolatzen diren ekimen eta jardueretan parte hartzera, gizartea hausnarketara eta bere esku dauden neurriak hartzera bultzatuz eta klima aldaketaren inguruan kontzientziazioa indartuz".

"Hitz antzuak"

Azkoitia Baik, bere aldetik, mozioaren aurka bozkatu zuen, besteak beste, halako adierazpenek ez dutelako "aurrerapausorik" ematen eta "hitz antzuetara" bideratzen dutelako: "Ondo dakizue guk horrelako mozioetan ez dugula sinesten eta beti bezala, udal batzordeetan lantzera gonbidatzen zaituztegula. Gaurko udal bilkura honetan ere, gure taldeak, aurretik batzordeetara eraman dugun gai bat ekarri du, asko kontsumitu eta kutsatzen duten kotxe zaharren hobariak kentzearena alegia. Tabernetan plastikozko basoekin sortzen den arazoa ekiditeko ere proposamena aurkeztu genuen Andramaxen aurretik eginiko bileran. Herriko barandila azpietan sareta gehiago jartzeko ere aurrekontuetan diru partida bat bideratzeko ahalegina egin genuen", gaineratu zuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide