Udalak 2020ko ordenantza fiskalak onartu ditu

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 26a, 10:34

Atzo, asteazkena, ohiko udalbatzarra izan zen Azkoitiko udaletxean. Bertan, 2020ko ordenatza fiskalak onartu zituzten, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Horrez gain, Zubiaurre-Elkarguneko tasen igoera ere onartu zuten, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren aldeko botoekin eta Azkoitia Bairen aurkakoekin.

Azkoitiko Udalbatzak osoko bilkura egin zuen udaletxean atzo, asteazkena, eta hainbat neurri onartu zuten bertan. Batetik, datorren urteko ordenantza fiskalak behin-behinean onartu zituzten, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aurkakoekin. Bestetik, Zubiaurre-Elkarguneko tasak igotzea onartu zuten, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren aldeko botoekin eta Azkoitia Bairen aurkakoekin. Osoko bilkuraren amaieran, eztabaida sortu zen zinegotzien artean, Egoitza Kalera plataformarekin aurreko agintaldian izandako bilera bat medio.

Batetik, KPIa %1 igotzea proposatu du Udal Gobernuak; kosteak igo egin direla argudiatuta, «diru-sarrerak bermatzeko» ezinbestekotzat jo du aldaketa hori. Halere, etxebizitza izaera duten ondasun higiezinei ez diete ezarriko igoera hori, ezta landa lurreko ondasun higiezinei ere. Beraz, industriari eragingo dio aldaketa horrek. Horrez gain, gainontzeko zergak ere %1 igotzea proposatu zuen Udal Gobernuak, etxez etxeko zerbitzua izan ezik.

Familia ugarientzat ere aldaketak izango dira. Hain zuzen ere, ondasun higiezinen eta ibilgailuen zergetan irizpideak aldatuko ditu udalak; ibilgailuei dagokienez, hamasei zalditik beherako autoei aplikatuko zaien tasa errentaren araberakoa izango da, eta familiaren errenta estandarizatua erabiliko dute hori zehazteko. Ondasun higiezinen zerga ere familiaren errentaren arabera kobratuko du udalak. Familia unitateko errenta erabiliko dute errenta estandarizatuaren zenbatekoa ateratzeko, eta kopuru horren arabera, hobariaren zenbatekoak desberdinak izango dira.

Bestalde, zaborren gaia izan zuen hizpide Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak atzoko bilkuran, eta egungo ordenantza fiskalak aldatzea proposatu zuen hark. Izan ere, edukiontzi bakoitzeko tasa kobratzen zitzaion orain arte 1.000 litroko edukiontziak dituzten enpresa bakoitzari; baina egun, zaborren bilketa sistema dela eta, enpresek edukiontzi bat baino gehiago izan ohi dutela azaldu zuen zinegotziak. Haren ustez, ez da «zuzena» enpresek zaborra bereiztu, eta gainera, edukiontziko tasa ordaintzea. Beraz, 1.000 litroko errefusa edukiontziko tasa kobratzea onartu zuten bilkuran. 

Biltegiei kobratzen zaien tasa ere aldatu egingo dute; Azkoitiak adierazi zuen hainbat enpresak beste zereginetarako erabiltzen duten hainbat biltegi dagoela erdigunean, eta tabernek edariak gordetzeko lokalak jarri zituen adibidetzat. Halako biltegiak «lokal huts» bezala kobratzea proposatu zuen Udal Gobernuak.

Horrez gain, ibilgailu historikoei edo 30 urtetik gorakoei hobariak emango dizkie udalak datorren urtetik aurrera. Orain arte, ibilgailu historikoek edo 25 urtetik gorakoek jasotzen zituzten hobariak. 

Azkoitia Bai plataformako Jose Joakin Etxanizek ordenantza fiskalen aldaketen aurka bozkatu zuen bilkuran, eta sei emendakin aurkeztu zituen. Besteak beste, etxebizitzen IBIa %9 jaistea, etxe hutsen zerga berreskuratzea nahiz zaborraren tasa igotzea proposatu zuen, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatuta ez ziren aurrera atera.

EH Bilduko Iraitz Otaño bozeramaileak adierazi zuenez, koalizioa «oro har» bat dator Udal Gobernuak proposatutako aldaketekin, baina 2020ko ordenantza fiskalak onartzearen aurka bozkatu zuen koalizioak, EAJk eta PSE-EEk etxe hutsen gaineko zerga berreskuratzea ez dutela «kontenplatzen» argudiatuta.

Elkarguneko tasak

Zubiaurre-Elkarguneko tasei dagokienez ere hainbat aldaketa onartu zuten EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta Azkoitia Bairen aurkakoekin. Datorren urtetik aurrera %1 igoko dira hango tasak, eskura ordaintzen diren sarrerak izan ezik. Horrez gain, bazkide kuota berri bat jarriko dute martxan. Orain arteko ohiko bazkide kuotak jarraituko du, baita langabetuentzako kuota murriztuak ere; horrez gain, langabetuak ez diren eta gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten dutenek ere kuota murriztua izango dute datorren urtetik aurrera; 18 eurokoa hain zuzen ere. Zenbateko hori kalkulatzeko errenta aitorpena aurkeztu beharko dute bazkide horiek. Azkoitiak adierazi zuenez, aldaketa hori «alargunekin pentsatuta» egin dute, baina «orokortu» egin dute. 

Familia ugariek, berriz, kultur jardueretan eta ludotekan %25eko deskontua izango duke. Kirol jardueretan ere neurri bera ezarriko dute, beti ere familia horiek Elkarguneko bazkide baldin badira.

Egoitza kalera

Galdera-erreguen tartean, eztabaida sortu zen Egoitza Kalera taldearen bueltan. EH Bilduko bozeramaile Ainara Goenagak adierazi zuen, gai hori lantzeko batzorde berri bat sortzearen inguruan hitz egin zutela aurreko agintaldiko bilera batean. Goenagak adinekoen egoitzaren aferan «atzerapausoak» ematea egotzi zien EAJri eta PSE-EEri. Azkoitia Baiko Etxaniz ere bat etorri zen Goenagarekin.

EAJko Sonia Vazquezek eta PSE-EEko Janire Igoak ukatu egin zuten Goenagak esandakoa. Vazquezek adierazi zuen ez zutela orduko bileran «batzorde berezirik» sortzea aipatu, Gizartea batzordearen barruan beste batzorde bat sortzea aipatu baizik. Gai horren inguruan atzerapausorik ez dela egon gaineratu zuten bi zinegotziek eta gaineratu zuten «denen nahia» dela zaharren egoitza herrigunera ekartzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide