Azkoitiko Mapa Morea osatzeko prozesua hasi du Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 24a, 15:52

Genero ikuspegia oinarri hartuta, herriaren diagnostikoa egingo dute herritarrek, Udal ordezkariek zein ikastetxeek. Antolatzaileen helburua da herriaren ahalik eta argazki osatuena egitea, eta horretarako, zortzi arlo jorratuko dituzte han parte hartzen dutenek. Lehenengo bilera urriaren 8an egingo dute herritarrekin. 

Azkoitiko Mapa Morea osatuko du Azkoitiko Udalak datozen hilabeteetan, hau da, genero ikuspegia oinarri hartuta, herriaren diagnostikoa egingo du herritarrekin, ikastetxeekin, eragileekin nahiz Udaleko ordezkari politikoekin batera. Gaur, asteartea, aurkeztu dute prozesua Maider Urbieta Udaleko Berdintasun Zerbitzuko arduradunak, Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak eta Patxi Galarraga Azkoitiko Mapa Morearen proiektua zuzenduko duen arkitektoak.

Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek osatutako EAEko Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunaren zazpigarren planaren ardatzetako bat da Azkoitian ere abiatuko dutena, eta herrian osatuko duten mapa hirigintzaren eta generoaren inguruan sakontzen jarraitzeko lan tresna izatea nahi du Udalak: "Herriko espazioak betaurreko moreekin begiratu nahi ditugu, zer hobetu daitekeen aztertzeko", esan du zinegotziak. Ildo horretan, arkitektoak azpimarratu du Mapa Morea, helburua baino, ondorioak ateratzeko zein ikasteko tresna izango dela. Beraz, hango emaitzek eta diagnostikoak balio izango du, besteak beste, etorkizunean herrian egingo diren proiektuetan txertatzeko. 

Sustatzaileen ustez, "gai transbertsala" da gizon eta emakumeen arteko berdintasunarena, eta eremu guztietan hartu behar da kontuan. Dena den, Galarragaren arabera, hirigintzan genero ikuspegia lantzen denean, batez ere emakumeen segurtasunaren esparrura mugatu ohi da. Oraingoan, ordea, ikuspegia zabaldu nahi izan dute sustatzaileek, ahalik eta diagnostiko osatuena izan dezaten. Hori hala, "emakumeen begirada" txertatuz, honako zortzi ardatz hauek jorratuz aztertuko dute udalerria: segurtasuna, arriskuen aurreko babesa, irisgarritasuna, mugikortasuna, ongizatea, denboraren kontziliazioa, hirigintzak zaintzari ematen dion arreta eta emakumeen adierazgarritasuna. Zortzi alor horiek oinarri hartuta, herriko auzoak aztertuko dituzte, eta herrigunea ere atalka bereiziko dute. 

Ikuspegiak, kontrastatzeko

Udalak adierazi duenez, prozesu parte hartzailea izango da abiatuko dutena, eta herriko hainbat kolektiboekin modu paraleloan eramango dute aurrera. Batetik, herritarrekin batzarrak egingo dituzte, eta aldi berean, Udal ordezkariek ere beraien bidea egingo dute mapa osatzeko. Udalaren asmoa herriko ikastetxeekin ere elkartzea da, haiek ere beraien lanketa egin dezaten. "Garrantzitsua iruditzen zaigu ikuspegi desberdinak jasotzea eta horiek kontrastatzea. Izan ere, zenbat eta parte hartze anitzagoa izan, orduan eta aberatsagoa izango da mapa", azpimarratu du Galarragak. 

Hori hala izanik, antolatzaileek ezinbestekotzat jo dute herritarrek, batez ere emakumeek, prozesuan ekarpenak egitea eta haiek herriaren alderdi positiboak zein negatiboak plazaratzea: "Azkoitiaren aktiboak eta hutsuneak nahiko genituzke mapan kokatzea, hortik zer ikasia izan dezagun". Hain zuzen ere, herritarrekin hiru bat saio egitea aurreikusten dute antolatzaileek, baina irekita utzi dute bidea.

Lehenengo bilera urriaren 8an izango da, 19:00etan, Elkargunean. Herritarren ekarpenak jasotzen hasiko dira orduan, eta herritar guztiei dei egin die hara bertaratu daitezen. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide