Baso eta zuhaitz jasangarriez hitzaldia eskainiko du Aitziber Sarobek

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 24a, 12:42

Eusko Jaurlaritzako Ingurugelak Eskolako Agenda 21 programaren barruan antolatutako solasaldia ostegunean izango da, 12:30etik 14:30era, Elkargunean, eta helburua, baso eta zuhaitz landaketen ustiapen jasangarriaren inguruan hausnarketa egitea izango da.

Aitziber Sarobe Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta biologian doktoreak Baso eta zuhaitz landaketen ustiapen jasangarria hitzaldia eskainiko du ostegunean, Elkarguneko Oteiza aretoan. Eusko Jaurlaritzako Ingurugelak antolatutako solasaldia, Eskolako Agenda 21 programaren barruan kokatu dute, eta 12:30etik 14:30era egingo dute. Baso eta zuhaitz landaketen ustiapen jasangarriaren inguruan hausnarketa egin eta ikastetxeetan baso-ustiapen ez jasangarriak sortutako ingurumen arazoak lantzeko proposamen didaktiko orokorrak eztabaidatzea izango dira helburuak. Horretarako, zuhaitz landaketak, landa ingurunearen erabilera historikoa, produktuen kontsumorako proposamen jasangarriak edota basoen kudeaketa eskolan lantzeko proposamen didaktikoak gaiak jorratuko dituela aurreratu du Sarobek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide